Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

«Azoraren aurka kasu bat irabazi berri dugu»

Etxebizitza bat lortzea amets gaizto bihurtu dute Donostian. Alokairua hilabete luzez ordaindu ondoren, etxea uzteko unea iristean arazoak sortzea ohikoa da: etxejabeek, askotan, bermea kendu nahi izaten diote maizterrari. Groseko Saretxe etxebizitza sindikatuak egoera honi aurre egiteko gida bat aurkeztu berri dute. Zertan den azaldu dute Xabi Zubeldiak (Usurbil, 1996) eta Nerea Azkonak (Amara Berri, 2000).

Unai Zubeldia

‘Bermeen lapurreta ekiditeko gida’ aurkeztu duzue. Zer jasotzen duzue?

Nerea Azkona (N.A.): Alokairuko bermeen inguruko hainbat gomendio eta ohikoak diren hainbat galdera erantzun ditugu. Adibidez: zenbateko bermea eskatu diezadakete? Egun ohikoa da berme gehigarri bat eskatzea, hilabetekoaz gain. Gehigarria den hau, adibidez, kontratua sinatu aurretik negoziatu daitekeen zerbait da. Horretarako erreminta batzuk eskaintzen ditugu. Eta, garrantzitsuena, etxea utzi aurretik egin ditzakezun urratsak azaltzen ditugu, etxearen jabeak bermearen dirua lapurtzea saihesteko.

Zeintzuk dira urratsok?

N.A.: Etxearen argazkiak atera ditzakezu ziurtatzeko egoera onean uzten duzula. Bestetik, etxea utzi aurretik, jabea berrikuspena egitera datorrenean, zure aurrean egiteko eskatzea, eta etxea egoera onean dagoela dioen ziurtagiri bat sinatzea eskatzea. Azkenik, jabeak bermearen kantitate bat hartu beharko balu, diru hori zertan gastatuko duen azaltzen duen fakturak eskatzea.

Nabarmendu nahi dugu etxejabeen gehiegikeriei aurre egiteko antolakuntzak duen garrantzia, eta balioan jarri nahi dugu antolakuntza gure bizitzen gaineko kontrola pixkanaka berreskuratzen joateko.

Nola da posible legeak eskatzen duena baino berme gehiago eskatzea?

N.A.: Orokortua den zerbait da. Aprobetxatzen dute alokairu eskaintza txikia dela, nahi beste klausula gehigarri jartzeko. Hilabete bateko bermea jarri behar da Eusko Jaurlaritzan, eta gainontzeko guztia berme gehigarri bat da, beti ere jabetzaren interesei erantzun, eta haien irabaziak bermatzeko. Gero eta diru gehiago depositatu «berme» era horretan, gero eta aukera gehiago diru batekin geratzeko.

Ez da derrigorrezkoa, beraz?

N.A.: Ez, eta hori da sinatu dezakeguna aldez aurretik. Egia da konplikatua dela, ez dagoelako eskaintza handirik, eta «edo hartu edo utzi» egiten dizutela, baina antolatzen bagara, eta sindikatutik harremanetan jarrita, negoziatu daitekeen zerbait da. Ezagutzak beti ematen dizu aukera limite batzuk markatzeko.

Kasu abusiboak izango dira ere.

N.A.: Azora putre funtsaren aurka kasu bat irabazi berri dugu: ez zioten emakume bati bermea itzultzen, eta salaketa bat jarri behar izan genuen. Azoraren abokatuek esan zuten horrek ez zuela zentzurik, eta bermea itzuli diote, epaitegira heldu aurretik.

Kasu berri bat sartu zaigu orain, maizter bati ez diote itzuli nahi hiru hilabeteko «bermea», pareta bat margotu behar dutelako. Kontuan eduki behar da denborarengatik gertatzen diren higadurak ez direla bermetik ordaindu behar; jabetzak asumitu behar ditu.

Ez al dago argi zergatik kendu dezaketen bermea etxejabeek?

N.A.: Oso anbiguoa da legea: ez du esaten zein kasutan kendu daitekeen bermea. Ugazabak dirua hartu dezake kalteak konpontzeko, baina horrek ez du esan nahi «ondasunen higadura natural eta normalak eragindako kalteak» ordaindu behar direnik. Zer den eta zer ez den higadura natural bat, hori da horren argi geratzen ez dena.

Guri iritsi zaizkigun kasuak nahiko muturrekoak dira: hezetasunak, itoteak… Jendea etorri izan da motibo oso erridikulu batzuekin: argazkiak jartzeko zuloak, edalontzi apurtuak… Etxearen garbiketa kobratu diotenik ere badago! Argazkiak eginda, eta ziurtagiria sinatuta eskatuta, espero dugu abusu hauei aurre egin ahal izatea.

Zergatik animatu zarete hau egitera?

N.A.: Beharragatik; kasu asko etorri zaizkigu. Iaz pisu turistikoen kanpainan jarri genuen arreta, Donostian, eta bereiziki Grosen, landu beharreko gaia delako, baina egia da oso bideratuta zegoela etxejabeei; haiek baitira gauzak erabaki eta bideratu ditzaketenak. Fokua beste nonbait jartzeko beharra genuen, zaurgarriagoak direnengan, eta erremintak eskaini alokairuan daudenei.

Zer da Saretxe?

Xabi Zubeldia (X.Z.): Sindikatutzat dugu geure burua, sindikalismo klasikoaren erreminta eta lan tresna batzuk hartzen ditugulako. Hala ere, hortik pixka bat aldentzen gara, eta gure estrategia eta borroka markoa zerbait zabalago gisan ikusten dugu. Etxebizitzaren problematikari heltzen diogu, baina borrokak askoz eremu zabalago batean artikulatu behar du. Horregatik, Saretxe ezin dugu ulertu Hondarpe auzo elkartea gabe; gainontzeko borroka eta dinamikak bertatik kudeatzen baitira.

Nola antolatzen zarete?

X.Z.: Hondarperen inguruan gauden eragileak biltzen garenak, hilabetean behin biltzen gara. Koordinazio mahai bat izateaz gain, gure estrategia politikoa ekartzen dugu.

N.A.: Adibidez orain, SOS Manteokoak ari dira lanean Basque Culinary Centerren bigarren egoitza egin nahi dutelako hemen. Koordinatzen da beste auzo elkarte batzuekin. Orain, Katalunia plazan dagoen Telefonicako eraikinean luxuzko etxebizitzak egin nahi dituztela eta, horri erantzun bat emateko pentsatzen ari gara…

Saretxeren dinamika zein da?

X.Z.: Aholkularitza juridikoa egiten dugu astelehenero 19:00etan Hondarpe auzo elkartean, Nafarroa Beherea plazan. Horra etorri ohi da jendea, bere zalantza eta kexekin.

N.A.: Astero edo bi astero kasu berri bat datorkigu, eta batzuetan ez da erraza guztiari aurre egitea.

Oihartzuna izan duten kasu batzuk izan dituzue.

X.Z.: Azoraren hainbat etxegabetzeri aurre egin behar izan diogu, adibidez. Edonola, oihartzun handiena iaz egin genuen etxe turistikoen kontrako kanpainak izan zuen, mediatikoki eta jende aldetik.

N.A.: Auzoari begira ere izan zuen oihartzuna. Portale askotako bizilagunak heldu ziren guregana eta bilera oso potenteak egin ziren hainbat bloketako bizilagunekin, esperientziak partekatuz eta aholkuak emanez. Bloke askotan lortu zuten etxebizitza turistikoak debekatzea.

X.Z.: Hasieran, guregana etortzen ziren aholku eske, baina ondoren euren kabuz antolatu dira.

N.A.: Lortu dugu bizilagunentzat erreferentziazko aholkulariak izatea. Horretaz gain, orain, gugana hurbiltzen dira sarri, laguntzera: eskuorriak banatzeko, kartelak jartzeko, eta abar. Hori da, finean, gure helburua: auzotarrak antolatzea.

Kanpaina arrakastatsuena etxejabeekin egin duzue. Klase ikuspegitik ez al da apur bat kontraesana?

N.A: Kontuan eduki behar dugu EAEko familien %84 euren jabetza den etxeetan bizi direla. Etxejabea izateak ez du esan nahi langile klasea ez zarenik: ziur aski, goizero jaiki eta lanera doaz Groseko etxejabe gehienak.

X.Z.: Gure kontraesanak ere baditugu, hainbat borroka egin eta gero, gai hau ukitu eta jende mordoa etorri zela ikustean. Baina ez da erabat justua. Norbaitek egin behar zuen lan hau Grosen, eta guri egokitu zaigu.

Donostiako etxebizitza egoera kezkagarria da, zergatik antolatzen zarete soilik Grosen?

X.Z.: Saretxeren proposamena Hondarpetik atera zelako, eta auzoan kokatzen dugulako geure burua. Askotan pentsatu dugu zabaltzea, baina praktikoki oraintxe ez gara iristen. Tamalez, lan gehiegi ditugu auzoan.

N.A.: Grosetik kanpo iristen diren kasuei ez diegu ezetz esaten, baina komunitate politiko bat eraikitzeko saiakera auzoz auzo egin behar dela uste dugu. Horregatik sortu da ere Egiako Etxebizitza Sindikatua edo Amara Berriko ODS. Auzoz auzo antolatzea ezinbestekoa da, eta etxebizitzarekin negozioa egiten dutenei aurre egitea.

HITZAkide HITZAkide