Akordioa lortu du Kontseilu Sozialistak Sukia enpresarekin, Zentro Sozialista mantentzeko
Donostiako Kontseilu Sozialistak, Defentsa Komunitatearekin batera, Donostiako Zentro Sozialistaren aurkako prozedura judiziala gelditzea eta zentroan jarraitzeko hitzarmena sinatzea lortu du datozen urteetarako.
“Hainbat urtetarako bertan gauzatzen den jardunarekin jarraitzeko bermeak” lortu dituztela jakinarazi dute. Abenduaren 1eko bista bertan behera uztea lortuta eta Donostiako Zentro Sozialistaren aldeko hitzarmena itxita, bertan gauzatzen den jardunarekin aurrera jarraitzeko bermeak lortu ditu Kontseilu Sozialistak.
Azaroaren 23an eman zuen Donostiako Kontseilu Sozialistak Sukiak Zentro Sozialista desalojatzea nahi zuenaren berri. Ordutik, salaketa bertan behera uzteko eta bi aldeak mahai batean esertzeko borroka abiatu zuten. Asko izan ziren Euskal Herriko hainbat txokotan zentroaren alde egindako elkartasun keinuak. Besteak beste, asteotan, hamarnaka gaztetxek eta espaziok eman diote babesa Zentro Sozialistari.
Azaroaren 28an, Donostian dagoen Sukiaren egoitza nagusian elkartu ziren ehundik gora lagun, “enpresari gutun bat helarazi eta negoziatzera dei eginez, baita zentroaren kontrako salaketa bertan behera utz zezatela exijitzeko ere”.
Abendurako egitaraua, prest
Mundaiz kalean dagoen Zentro Sozialistaren aurkako prozedura judiziala gaindituta, eta “datozen urteetarako bermeak lortuta”, egitarau zabal bat antolatu du Donostiako Kontseilu Sozialistak abendurako.
Hilaren 15ean, Gordegiaren eskutik argazki erakusketa eta Iagomagoren magia ikuskizuna egongo da, bakarrizketekin bukatuz eguna. Hilaren 20an, Etxebizitza Sindikatuaren etxegabetzeen aurkako gidaren aurkezpena izango da. Abenduaren 26an, Ramon Agirrerekin solasaldia izan ondoren Harkaitz Canok Ulu egiteko bolondres bila izeneko azken liburuaren aurkezpena egingo du, eta bertso afaria izango da amaitzeko. Egitaraua borobiltzeko, abenduaren 23an kirol ikuskizuna eta kontzertuak izango dira Zentro Sozialistan.