DOKA itxi egingo dute epe jakinik gabe, sabaiko egituran «kalte larriak» topatu dituztelako
Antiguako DOKA antzokia itxi egingo dute gaurtik aurrera, eta epe muga jakinik gabe. Sare sozialetan zabaldu duten mezu baten bidez jakinarazi du DOKAko lantaldeak egoera.
Honela diote oharrean: “Ustekabean sabaiko egituran kalte larriak identifikatu ditugu, kanpotik eraginda izan daitezkeenak. Horren jakitun, arduraz jokatzea dagokigu eta aretoa ixteko beste erremediorik ez dugunez, halaxe egitea erabaki dugu. Gure lehentasuna langile, artista zein zuon segurtasuna bermatzea da, eta, hortaz, gaurtik aurrerako programazioa bertan behera geratuko da”.
Azaldu dutenez, berriak “lur jota” utzi du lantaldea: “Jakitun gara guzti honek sortuko dituen ondorioak ez direla batere atseginak; bai zuontzat, bai guretzat. Tamalez, ez dugu elkar ikusiko denbora batez, gogoz kontra bada ere”.
Datozen hilabeteetan, “laguntza oso ongietorria izango dela” adierazi dute eta egoeraren berri emango dutela jakinarazi dute “gure arteko hartu-emanak bizirik jarrai dezan”.