Jai giroan elegante murgiltzera doa Antigua
Gabonak pasatuta, iritsi dira Antiguako jaiak. Auzokideek etxeko lanak egin dituzte eta aldaketa eta berrikuntza ugari aurkeztu dituzte aurtengo jaietako bi asteburuetarako.
Ander Larequi eta Iñaki Agirre Perez, jai batzordeko kideak.Andrea Bosch Txalupagilenen, bost urterekin, Euskal Herriko pailazo polit eta distiratsuenak metro eskas batera. Etorkizuneko parrandazale —eta parrandakide— amorratuak ondoan. Bentaberrin, hamabost urterekin, kuadrillakin La Ranitan tripako txurroak gora eta behera, tripako txokolatea aurrera eta atzera. Etxeko giltzari buelta erdia eman eta amarekin horrenbeste eta hainbeste barre egiteagatik tripan mina duzula partekatu. Bera edo zu zeu, nor izango ote zen momentu hartan bertan, biak barrez, zoriontsuen. Ordutik, parrandak elegante frontoian eta urteak motz Matia kalean. Antiguako jaiak bueltan dira eta antiguatarrek etxeko lanak egin dituzte.
Urteroko moduan, jai batzordeak auzoko hainbat eragilerekin sortu du egitaraua eta bertan izango dira hurrengo bi asteburuetan buruhandiak, antzerkilariak, dantzariak, musikariak, bertsolariak, iraunkorrak txaranga, Bizi DJ-a eta Orkestra Elektrotxaranga, besteak beste. Hauekin batera, auzotarrek txandekin jaiak aurrera ateratzen laguntzen dutela eta komertzioek eskaintzen duten babesa nabarmentzen du Iñaki Agirre Perez jai batzordeko kideak: «Azkenean, urtetik urtera diruz laguntzen gaituzte haiek egoera zailean egonda ere, eta irribarre batekin, laguntzeko prestutasun osoz, alboan izaten ditugu».
Aurten ere, auzoak hainbat aldaketa izan ditu. Frontoiko lanekin eta Dokako behin-behineko ezusteko itxierarekin, jaietako panorama aldatu zaie antiguatarrei. Baina ez guztiz: «Jaigune bakarra dugu, baina urtero gisan jaiak auzo guztian zehar zabaltzea da gure asmoa, eta nahiz eta frontoia aurten obretan dagoen, gogorik ez zitzaigun falta beste lekuren bat topatzeko», adierazi du batzordekideak. Antiguaren erdi-erdian dagoen Bentaberri plazan kokatuko dute aurten jaigunea, bertan, eszenatokia, txosna eta festa elkartuko direla.
Bertan izango dira ere hamazazpi danborrada, plazatik hasita, 24 orduz auzoan barrena bueltaka ibiliko direnak.
Bueltaka danborradak eta bueltaka txalekodun brigadistak baita ere. Auzoan erasoen aurkako protokoloa sortu dute. Jaietako azken asteburuan, txaleko moreko brigadisten txandak egingo dituzte: ostegunean, 19:00tatik 03:00tara eta ostiral eta larunbatean, 20:00tatik 04:00tara.
Gainera, danborradaren asteburuan eta hurrengoan, gau guztian zehar honako telefono zenbakia deitzeko eskura egongo da: 602- 84 58 91. Jai eremuetan ere zaintzak erdigunean jarri behar dira. «Askotan, erasoa identifikatzea zaila izaten da eta erasotzailea gertuko norbait delako isildu egiten gara», adierazi du Ainhoa Almandoz Zubeltzuk, auzoko militante feministak. Jai eredua bera izan behar da denokiko zaintzailea dena, eta «militatzeko modua eta elkarrekin egoteko moduak ere» zaintzak zentroan jarri beharko lituzkeela dio kide feministak.
Dotorezia herrikoia
Gaur bertan botako dute txupinazoa. Txirain izango da saritua; mende laurdena bete duen elkarte honek toka eta mus txapelketak antolatzen jarraitu du. «Ez zegoen beste inor aproposagoa bera baino», ziurtatu du Agirre Perezek.
Jaiak hiru astebururen artean banatu beharrean, bitan egingo dituzte. Danborradaren asteburua eta hurrengoa. Poteo elegantean, elektrotxarangaz eta Edabe Magikoa taldeaz lagunduta, auzoa girotuko dute, aukera paregabea izango dute auzotarrek lumak eta brillibrilliak dotoreziaz paseatzeko.
Nabarmentzekoa da, baita ere, aurtengo mozorro festa berria. Ander Larequi jai batzordekideak argitu duenez, ordu berdinean «gazteek poteo elegantea duten moduan, haurrek haien mozorro merienda izango dute».
Aurten, edukiera murriztu egin behar izan dute, eta hurrengo eguneko kuadrillen bazkarian 100 lagun gutxiago egongo dira. Edozein kasutan, Bizi DJ-ak, urteroko legez, Ibaetako frontoitik Bentaberri plazara eramango ditu bazkariko lagunak eta bidetik gehitzen zaizkien guztiak. Urteroko I follow rivers gisako abestirik izango ote ditu Antiguak gaugiroari queer puntua emateko? Ordurako, parrandazaleak purpurinaz beterik izaten dira eta.
Aipatzekoa da ere auzoko Herenegun, Indabe eta Oihu musika taldeek egin duten Herri izaera abestia, baita pasa den larunbatean ospatu zuten Ziklo Kross Kinkia ere.
Txarrerako aldaketak ere egon dira. Dokaren hutsunea izango da aurten. Egitaraua antolatzeko orduan, Doka ere bada «alboz albo izaten dugun eragile horietako bat eta auzotarrentzat parranda egiteko funtsezko gunea da», azaldu du Agirrek. Mikel Laboa Bertso Sariketa bertan behera geratu da; «horrek ez du esan nahi jaietan bertsolaritzak ez duenik bere lekua izango», argitu du Larequik, 28an jaiak ondo baino hobeto amaitzeko, bertso saioa egingo da Bentaberri plazako karpan.
Iaz, Loretope konpartsa sortu zen, eta aurten ere, «urtero egingo duten moduan», auzoan zehar desfilatuko dute, jakinarazi du Larequik. Dultzaineroak eta Ajoarriero Txapelketa antolatu dituzte, baita ere.
Honetaz guztiaz ezin guztiz gozatu zaintzak ez badira, jaietan ere, erdigunean jartzen. Auzoak etxeko lanak egin ditu; baina, jaietara gerturatzen den norbanakoaren eta taldearen ardura da albokoaren jarrera matxista, LGBTIfobikoa edo arrazista salatzea, eta edozein komentario iraingarri aurrez aurre jartzea, altxor kutunena diren lagunak zaintzea eta parez dagoena errespetuz tratatzea.


