Langile donostiar bat hil da Errenteriako obra batean
Langile bat hil da ostegun goizean Errenteriako Altzate eremuan egiten ari diren etxebizitza eraikinetako batean lanean ari zela, altuera batetik erorita. 11:00ak aldera izan da ezbeharra, eta Hego Euskal Herrian aurten lanean hildako zazpigarren pertsona da, Gipuzkoako lehena. Langileak 54 urte zituen eta Altzakoa zen, ELA sindikatuaren arabera.
ELAk azaldu duenez, Proteclan enpresako langilea zen, eta Gailur enpresarena da Errenteriako aipatu obra. Halako ezbeherrak “erraz” saihestu daitezkeela dio sindikatuak, eta, horregatik, “patronalaren zigorgabetasunarekin amaitzeko” eskatu du, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lan ikuskaritzako lantaldea handitu dezala, “eraikuntza obretan lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz betetzen dela kontrolatzeko”.
Oarsoaldeko Hitza-k argitaratu duenez, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea deitu dute astelehenerako (hilak 22), 11:30ean.