Penalti kolpez, final-laurdenetara
Zakharyan, Osasunaren aurkako partidako une batean. Reala Bajak direla edo dena delakoa dela, Reala ez dago bere unerik onenean, baina azken urteotan erakusten ari den sendotasunari eutsiz, joko politik egin gabe ere irabazteko gai dela argi gelditu zen atzo Sadarren. Hain zuzen ere, 0-2 irabazi zion Osasunari, pasa den denboraldiko kopako azpitxapeldunari, eta txapelketa horretako final-laurdenetarako txartela eskuratu zuten txuri-urdinek.
Partida intentsoa izan zen, baina ez oso entretenigarria, tarteka aspergarria ere izateraino. Horrela, detaile batengatik erabaki zen partida: 53. minutuan, korner baten ostekoan aldaratze bat egon zen, bigarren jokaldian Le Normand baloia errematatzera zihoan, baina Catenak lurrera bota zuen Realeko jokalaria eta epaileak penalti adierazi zuen. Are gehiago, VAR sistemaren bidez jokaldia berrikusi ostean, txartel gorria erakutsi zion atzelari gorritxoari. Oiartzabal kapitainak ez zuen hutsik egin, eta txuri-urdinak markagailuan aurreratu ziren.
Golaren aurretik, arrisku gutxi sortu zuten txuri-urdinek: Zakharyanek area kanpotik egindako eta Aitor Fernandezek bikain gelditutako jaurtiketa eder bat izan zen gol aukera arriskutsuena. Bada, jokalari bat gehiagorekin egonda ere, hurrengo minutuetan Reala ez zen gai izan jokoa kontrolatzeko, baina Osasunak, saiatu bazen ere, arrisku handirik ez zuen sortu. Nekea areagotzen joan zen talde gorritxoan, eta apur bat lasaiago aritu zen Reala partidaren azken hamabost minutuetan.
Azkenean, beste penalti batekin itxi zuten partida donostiarrek; Braisen jaurtiketa gelditu zuen atezainak, baina Merinok barrura bidali zuen aldaratzea. Baja garrantzitsu hainbatekin —Kubo, Traore eta Zubimendi— eta hainbat jokalari %100ean egon gabe, ofizioz jokatu eta irabazi zuen Realak atzo, beste denboraldi batez kopako zortzi talde onenen artean sartuz. Ostiralean egingo dute final-laurdenetako partiden zozketa (13:00), eta orduan jakingo du Realak zein izango den bere hurrengo aurkaria.

