Asteburua ekitaldiz koloreztatuko dute hiria inauterietako konpartsek
Asteburu honetan hirian hainbat elkartek, konpartsek eta bizilagunek inauteriak ospatuko dituzte eta kaleak kolorez eta algarez beteko dituzte. Atzoko egunean, urteroko legez, Momo Jainkosa eta bere segizioa Maria Cristina hotelera iritsi ziren iluntzean, inauteriei hasiera emanez, eta hiriko giltzak eman zizkieten, datozen egunetan beraiek izango baitira Donostiako jaun eta jabe.
Ostiralean, konpartsen aurkezpena izango da Illunben eta konpartsek haien koreografia eta mozorroak plazaratu ahal izango dituzte. Larunbat eta igandean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Erdialdean izango dira kaleak kolore eta musikaz alaitzen. Gainera, Donostia Festak, San Sebastian Shopsekin batera eta Garbera merkataritza
zentroaren babesarekin batera, Inauterietako Jantzien Diseinuen bosgarren saria antolatu du. Emango diren hiru sariak Donostiako oihal dendetan erosteko txartelak izango dira eta irabazleak Illunbeko konpartsen aurkezpena amaitutakoan jakinaraziko dira eta hanbertan banatuko dira.
Ostiralean bertan, Los bebes de la bulla konpartsa, hiriko kaleetan barrena ibiliko da, 18:30etatik aurrera, eta Lanpernen konpartsa —Union Artesanaren eskutik eta Gauerdi txarangak lagunduta— Parte Zaharra algaraz betetzen egongo dira 21:00etatik aurrera.
Larunbatean, 11:00etan, Donostiako inauterietan zeharo sustraiturik dagoen ekintza izango da; izan ere, pijama soinean duen jende multzo batek Momo jainkosari abesten dio, esna dadin. Hori lortzen dutenean, kalejiran Konstituzio plazarantz eramango dute agintaritzak boterea inauteri guztietarako Momo jainkosaren esku uzteko. Aktibitate honekin garai bateko Donostiako inauteriaren doinu zaharrak berreskuratu dira.
11:30etan, Antiguan, inude eta artzaianen konpartsa kalera aterako da, Antiguotarra Dantza Taldearen eskutik. Parte Zaharra eta Erdialdean ere, 12:00ak aldera, giro alaia egongo da, euskal inauterien eskutik eta arratsaldean hainbat konpartsa ere kaleetan barrena dantzan arituko dira. Gauean ere, batukada eta txaranga izango dira Parte Zaharrean.
Igandean, 09:00etan, inauterietako Diana Udalaren Txistulari Taldearen eskutik kalera aterako dira eta 11:30etan haurren emanaldiak izango dira goiz osoan zehar.
Auzoetan ere ekitaldi desberdinak antolatu dira. Gaurkoan, Amara Berrin eta Egian giro aparte izango da eta bihar goizean, Añorgako Dibertimendua ospatuko dute. Grosen ere ederto antolatu dira auzotarrak. Igandean ere Gros eta Altzan konpartsak aterako dira.
Esteka honetan ikus dezakezue inauteritako programazioa osorik.