50 urte bete ditu Catalina de Erauso arte klubak
Catalina de Erauso arte klubak 50 urte beteko ditu abuztuan. Urteurrena dela eta, bertako ikasleek egindako 30 bat piezarekin egindako erakusketa estreinatu dute gaur Okendo Kultur Etxean. Aitortu dutenez, “ez da erreza izan” aukeratzea.
Pili Ansa sorreratik dago elkartean. Ikasle gisa hasieran, irakasle moduan orain. “50 urte daramat bertan, nire bigarren etxea da, noski”. Kontatu duenez, Jesusen Bihotzean egiten zituzten zeramika ikastaro batzuk, eta hau itxi zutenean, Jose Mendizabal zenak, tailerrak dohainik ematen jarraitu zuen. Orduan, Catalina de Erauso kaleko 12. zenbakian hasi ziren tailerrak.
1974 urtea zen, eta xume-xume abiatu zen hiriko arte eskola herrikoiena izango dena. Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak esan duenez “herri ekimen hauek sekulako indarra dute; herritarren euren proiektu artistikoak era batera edo bestera garatzeko aukera” eskaintzen baitute.
1984ean, Groseko Galtzada Nagusira mugitu ziren, eta ordutik etengabe ari dira pintura, zeramika, joskintza eta musika tailerrak eskaintzen. Egun, 200 bat bazkide ditu klubak, eta 500 bat ikasle. Egunean bost edo sei eskola daudela azaldu du Juan Berrozpe elkarteko lehendakariordeak:”Oso talde heterogeneo da: medikuak, erizainak, okinak… denetarik dago. 80 urteko gizon bat, eta bere ondoan, gorputz osoa tatuatua duen gazte bat. Ederrena hori da!”.
50 urteurrena ospatzeko hau da lehen ekitaldia, baina argitu duenez, abuztuan eta irailean izango dira jarduera nagusiak. Okendon egingo dituzten jarduerak aurkeztu zitu Berrozpek. Otsailaren 10ean eta martxoaren 5ean Loli Altolagirrek “ehungintzaren magia” erakutsiko du. Otsailaren 27an, bestalde, Eduardo Saldañak akuarelen masterclassa egingo du.