Tradizioa mailu bat da (III)
Udaberriari deitu egin behar zaio. Badakit sekularizatutako herria garenez geroztik gutxi direla inauterien erritu indarretan sinesten dutenak. Asmatutako mitologiak berreskuratu baino, hobe genuke sinesmenetan gehiago sinestea. Gizadiaren biziraupena gehiago bermatzen dutelako udaberriaren errituek, inteligentzia artifizialek baino. Gehiago kokoxuri eta kokobeltzek, droneek eta bonbardaketa masiboek baino.
Inauteriek eredu bat ematen digute: zirtzil aroa hasi dadila eta ez dadila geratu urte osoan. Berdin Añorgako dibertimenduan, berdin Bidebietako karrozetan. Doinuak baino gehiago inporta zaizkigulako dantzak. Nondik zatozen baino gehiago, nora zoazen.
Lurra deika dugu. Bizitza duinak, oparoak eta zoriontasunez beteak denontzako izan daitezen alternatiba bakarra geratzen zaigu: sutan erretzea itotzen gaituen zomorroa. Tradizioa mailu bat da, eta udaberriari deitu egin behar zaio.