Kirola eta elkarbizitza, hesiak apurtzeko akuilu
Adimen urritasuna duten pertsonen mugikortasuna bultzatzeko helburuarekin, Easo Politeknikoko ikasleek kirol jardunaldia antolatu dute Goyeneche fundazioaren erabiltzaileentzat. Ariketa fisikoa erdigunean, sedentarismoarekin amaitzeko alternatibak bilatu eta sozializaziorako bide berriak landu dituzte.
Goyenecheko erabiltzaileak Easo Politeknikoko ikasleekin bola jokoan. Olatz Balda Goizeko hamar eta erdietan hasi dute bola jokoa. Loli eta Lurdes daude marra atzean, pilota bana eskuetan. Urduritasuna eta poza uztartzen dituen begirada bat bota diote elkarri, ilusioak jota, jaurtiketekin hastear daudela. Hiruzpalau metro aurrerago dute jomuga, poliestirenoko sei blokek osatua. Jaurtitzear daudela jaso dituzte lehen animoak, eta jaurtiketen ondoren, berriz, hogei bat gazteren txalo zaparrada. Lehengoan ez dute lortu guztiak botatzea, ez bigarrean, ezta hirugarrenean ere. Bi emakumeek, baina, hasierako irribarrearekin jarraitzen dute, euren errutina apurtu duen jardueraz gozatzen dabiltza eta.
Lolik eta Lurdesek hartu dute kirol gelako eskuin zonako protagonismoa, baina ez dira ariketa fisikoa egitera bertaratu diren bakarrak. Gizarte eta Kirol Animazioa ikasten dabiltzan gazteez gain, Goyeneche fundazioko beste dozena erdi kideren konpainian daude Easo Politeknikoaren azken solairuan. «Aurten espero baina gutxiago dira, eguraldi kaskarra dela eta», zehaztu du fundazioko Ainhoa Tirapu hezitzaileak. 40 eta 65 urte bitarteko gizon-emakumeek osatu dute irabazi asmorik gabeko erakundetik etorritako taldea eta denek dute adimen urritasuna. Hori, baina, ez dute oztopo taldean kirola egin eta jarduera fisikoaz gozatzeko.
Goizean zehar, bola jokoan aritzeaz gain, zumba saioa ere izan dute. «Nahiago ditut boloak dantzan aritzea baino» azaldu du Goyeneche taldeko Iñakik. Loli, aldiz, hobeto moldatu da gorputza musikaren erritmora mugitu behar izan duenenean: «Dezente izerditu dugu, ez pentsa!».
Easo Politeknikoko Unax Dominguez ikasleak azaldu duenez, jokoak ez dira ausazkoak izan: «Euren mugikortasuna kontuan hartzen dugu, eta talde honek mugikortasun urria duela jakinarazi zigutenez, jarduera asko baztertu ditugu. Intentsitate baxukoen aldeko hautua eginda, une oro moldatu dira gonbidatuen beharretara: «Zumba eskola, esaterako, pentsatu baino lehenago moztu behar izan dugu, guztiek ezin zutelako berdin parte hartu».
Ariketa eta ariketa artean murgildu dira fundazioko zazpi kideak, eta harremanak estutu dituzte Easo Politeknikoko ikasleekin. Kirolaz harago, gazte taldearekiko lortutako «gertutasuna» da, Nahikare Tirapu hezitzailearen esanetan, gehien erakartzen dituen faktorea: «Beraientzako oso esperientzia polita da, ez dutelako horrenbesteko aukerarik kirola komunitatean egiteko. Beti aurpegi berdinak gara taldean eta jende gaztearekin partekatzeak ilusio handia egiten die».
Sedentarismoarekin amaitzeko
Tirapuk azaldu duenez, iaz bertaratu ziren erabiltzaileek urte osoa eman dute orduko esperientzia gogoratzen, eta irrikitan zeuden berriz ere parte hartzeko. Aurten, gainera, erabiltzaileak bezain pozik gerturatu dira hezitzaileak ere, iazko aurreiritziak gaindituta: «Gure zalantzak genituen hasieran, baina sentsibilitate bereziarekin gerturatu dira gazteak, eta oso harreman polita izan dute». Sortutako giroaz harago, kirola egiteko parada nabarmendu du Tirapuk: «Adimen urritasuna dutenen artean sedentarismo handia dago eta egitasmo honek aukera ematen die taldean kirola egiteko».
Hezitzaileak azaldu duenez, erronkatzat dutela jakinda, fundazioan ere lanketa berezia egiten dute erabiltzaile taldearen mugikortasuna bultzatze aldera: «Paseo luzeak egiten ditugu, baita dantzak ere, baina halako gauzak zailago suertatzen zaizkie beraiei». Azken urtean, baina, gimnasia arina egiten hasi dira asteazken arratsaldeetan, eta jarrera aldaketa nabaritu dute: «Egin ahala, grina sortu da eta animatzen joan dira».
Ertz askotariko erronka
Goyeneche fundazioarekin egindako jardunaldia ikasleen proba nagusi baten emaitza da. Gizarte eta Kirol Irakaskuntza eta Animazioa graduko ikasleek hainbat erronkari egin behar diote aurre ikasturte bakoitzeko. Hain zuzen, gizarte inklusioa lantzea dute helburu bigarren mailan: «Goi mailako graduen inguruan aritzerakoan, jendeak segituan irudikatzen ditu gradu teknikoak, baina gutako asko arlo sozialerako prestatzen gabiltza», azaldu du Unax Dominguez ikasleak. Ikasturte osoan zehar landutako teoria dute oinarri antolakuntzarako eta irakasleen gidaritzapean prestatu dira: «Lau taldetan banatu gara eta proiektuaren finantzaketa, antolakuntza, kanpo komunikazioa, digitalizazioa eta segurtasuna landu ditugu».
Bide horretan, hainbat izan dira topatutako oztopoak: «Finantzaketari dagokionez, ekitaldian zehar izan ditzakegun gastuez gain, ekarpen ekonomiko bat egin behar izan diogu fundazioari, eta ez da hain erraza izan». Erronkaren atarian, kanpaina bidez bultzatutako diru bilketak esperotako emaitzak ematen ez zituela ikusita, irudimenari tiraka, bide berriak bilatu dituzte: «Irailean ikusten genuen geure burua, baina inauterietan jokoak inprobisatu genituen kalean eta azkenean lortu dugu mordoxka bat biltzea», azaldu dute hainbat ikaslek.
Elastikoak izerditu ostean, hamaiketakoa jateko atsedenaldia izan dute. Besarkadak han eta hemen, elkarren artean ezagutu eta solasean ibili dira, mahai handi baten bueltan. «Datorren urtean berriz, e!» bota dio Iñakik hezitzaileari, eta Tirapuk baietz buruarekin, «aukera badago», itzuliko direla berriz ere.


