Igeldoko espaloien obrek hogei asteko gauzatze epea izango dute
Igeldoko saihesbidearen mendebaldeko irteeraren eta kanpinaren arteko espaloia eraikitzea da obraren helburua
Donostiako Udalak onartu du Construcciones Moyua sozietate mugatuari Igeldoko espaloiaren proiektua esleitzea, 1.446.477 euroko aurrekontuarekin, Next GenerationEu Europako Funtsekin finantzatuta. Halaber, kontratuak hogei asteko gauzatze epea du.
Igeldoko saihesbidearen mendebaldeko irteeraren eta kanpinaren arteko espaloia eraikitzea da obraren helburua, eta lau jarduera nagusi ditu: oinezkoentzako espaloi bat sortzea —metro eta erdi eta bi metro arteko zabalerakoa, bi zonak lotuko dituena—, zorua berritzea, bai zabaleran, bai luzeran, telefono sareak, elektrizitatea eta argiteria publikoa lurperatzea eta euri uren sarea berriztea.