Ihesa gure begien bistan
Ihesa zilegia balitz. Huir es un derecho. Ce sont des personnes izeneko erakusketa ikusgai dago asteartetik bulebarrean. Gari Garaialde (Irun, 1972) eta Javi Julio (Donostia, 1978) argazkilariek bultzatu duten egitasmoaren helburua da “Irundik muga zeharkatzen saiatu diren pertsonen egoera ikusaraztea”. Gogoratu dutenez, azken bost urteotan 25.000 pertsona inguruk zeharkatu dute muga modu klandestinoan, eta ahalegin horretan, bederatzi lagun hil dira.
Bidasoako muga zeharkatzeko migratzaileek egiten duten ibilbidea erakutsi nahi du erakusketak, eta errealitate hori testuinguruan jarri. Horretarako freelance argazkilari ezagunek egindako formatu handiko 46 argazki jarri dira kalean. Proiektuaren sustatzaileen lanez gain, erakusketan Mikel Oibarren (Bilbo, 1987) eta Santi Donaireren (Jaen, Espainia, 1988) lanak ikus daitezke.
Sei egituretako bakoitzak errealitate bati erreparatzen dio. Batzuk gure mugan hartutako irudiak erakusten ditu, baina badira Melillan (Espainia), Lesbosen (Grezia), Zarzisen (Tunisia), Angersen (Frantzia), Biella eta Pozallon (Italia) edo Mediterraneoan ere. Irudien artean, hain zuzen, 2019ko azaroan Aita Marik egindako lehen erreskate operaziokoak daude.
Ihes egitea zilegi
Garaialdek eta Juliok uste dute ezinbestekoa dela gure garaiko “drama” hau hurbiltzea eta kontatzea: “Pertsona bakoitza ihes egitera behartzen edo bultzatzen duten arrazoiak gorabehera, inork ez du merezi hiltzea bizitza hobea izan nahi duelako. Zilegi balitz ihes egitea, erakusketaren izenburuak dioen bezala, hori ez litzateke gertatuko”.
“Gure garaiko tragedia handienetako bat da” egileen ustez, eta, “nahiago izaten dugu beste alde batera begiratu”. Fotokazetarien helburua, “gizartea interpelatuta” sentitzea da. “Ezin dugu ahaztu hemen eta orain gertatzen den errealitate bat dela, eta axolagabekeriaz begiratzen dugula. Ez da urruneko errealitatea”.
Argazkilariek salatu dutez, “Bidasoa harresi bat bihurtu da. Gure etxeen aurretik milaka pertsona igarotzen dira Europarantz. Irundik egunero saiatzen dira muga zeharkatzen. Herri hau milaka migratzailerentzako igarobide bihurtu da”.
Apirilaren 7 arte
Donostiako Udaleko Lankidetza Sailaren laguntza du erakusketak, hala nola, proiektua sustatu duten bi argazkilarien agentziak ere: Bostok Photo eta Nervio. Proiektuak hainbat laguntzaile ere izan ditu: Orona Fundazioa, Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkartea eta Izarkom.
Erakusketa ibiltaria izango da, asmoa baita Euskal Herriko beste herri batzuetan ikusi ahal izatea. Donostian bisita gidatuak egin ahal izango dira bi argazkilarien eskutik. Ikasleentzat egingo dira bisitaldiak, baina baita publiko orokorrarentzat. Horretarako, Bostok-en web orrian eman daiteke izena: www.bostokphoto.com/