Ezer gutxi dakit
Gizon bat 'Ihesa zilegi balitz' erakusketa ikusten, bulebarrean. Xalba Ramirez Farhia Abdulwahad du izena. Muqdishotik dator, Somaliatik. Afrikako puntaren batean dago, baina eskerrak mapa erakutsi didaten. Nik beste aldean jarriko nuke, Marokoren azpian, Senegalen ondoan.
Muqdishori buruz ezer gutxi dakit nik. Irunen antzik al du? Ba al dute Mosku deritzon plaza gorririk? Eta urtean sei hilabetez estatuz aldatzen den uharterik? Zenbat lagun hiltzen dira Muqdishon, urtean, muga pasatzen? Hemen asko badira, han gehiegi izango dira?
Somaliaz ere ezer gutxi dakit. Orain hamar bat urte bogan zeuden bertako piratak. Harrigarria munduko ordena: gure inguruko arrainak xahututa goaz haien arrainak lapurtzera, eta euren bizibidea defendatzen dutenak terrorismoagatik sartu kartzelan. Gutxi dakit horri buruz, Soto del Realen ezagutu nuen somaliar gizajo batek kontatutakoak, ez besterik…
Farhiaren inguruan ere ezer gutxi dakit nik. Bere argazkiari galdetzen diot berari sekula galdetuko ez niokeena, eta isiltasunak erantzuten dit. Kale berdinak partekatzen ditugun arren, herrialde ezberdinetan bizi baikara oraindik.

