Mugimendu feministaren babesean, hiriko kaleak borroka giroz berotu
'Dimentsio guztiak' eta 'Gure bizitzekin negozioriok ez!' lelopean iritsi da Martxoaren 8a. Donostiako Asanblada Feministak 18:30ean Antiguako tuneletik hasiko den manifestaziora deia egin du, eta hiria jai giroz baino, aldarrikapenez bete nahi dute feministek.
Edozein mugimendu politiko gisa, mugimendu feministak olatuen antzerako funtzionamendua du. Olatuek Pasealeku Berriko arroken kontra indarrez eztanda egiteko, korronteek energiaz betetzen dute hain aurrera-atzerako mugimendua, eta kolpe hutsez blaitzen dituzte bertakoak.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak iazko azaroaren 30eko grebaren pultsua aprobetxatu du, eta beste behin ere, Martxoaren 8an txoko guztiak aldarrikapenez bustiko ditu. Donostiako Asanblada Feministak etxeko lanak egin ditu eta feministak prest daude arratsaldean hiria manifestariez okupatzeko.
Elene Lopetegi (Gros, 1995) Donostiako Asanblada Feministako kidea da, eta baita Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea eta liberatua ere. Donostiar honek azken hamarkadan feminismoan militatu du, eta argi du «azaroaren 30eko greban aldarrikapenak eta urgentziazko gaiak mahai gainean jartzeaz gain, mugimendu feminista artikulatzen jarraitzea eta indartzea» ere bazela grebaren helburuetako bat.
Gaurkoa kaleak betetzeko eguna da
18:30ean Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioa antolatu du asanblada feministak. Bulebarreraino iritsiko da mobilizazioa, eta urteroko moduan, Emakumeen Etxeko batukada bertan izango da.
Txandak eta lantaldeak antolatu dituzte eta bakoitzak badu bere zeregina: amaierako testuaren irakurketa, soinu ekipoaren instalazioa, manifestazioa bideratzea, eta bestelako hainbat eta hainbat ardura banatu dituzte; izan ere, «Martxoaren 8a apustu ziurra» dela eta «feminismoa masa izugarria duen mugimendua» dela nabarmendu du Lopetegik.
Trans eta bollerak lehen lerrora animatzen dituzte, eta gizonek eta erakundeek interpelazioa jaso dezatela espero dute
Martxoaren 8 honetako helburuak askotarikoak dira: zaintza sistema publiko eta komunitarioa exijitzea, zaintzarako eskubide kolektiboa defendatzea eta lan profesionalizatuen, ordaindu gabekoen eta zaintza lanen berrantolaketa aldarrikatzea, alde batetik. Eta, bestetik, mugimendu feminista intersekzionala eta transbertsala den heinean, Palestinako herria jasaten ari den genozidio eta sarraskia salatu nahi dute mugimendu feministako kideek. «Elkartasun eta maitasun osoa» adierazi nahi diete bertako herriari eta, bereziki, gaurkoan, emakumeei. Halaber, ez dituzte ahaztu Atzerritarren Legearen ondorioz erabateko zaurgarritasun egoeran gelditzen diren lagunak.
Beraz, gaurkoan, aldarrikapenetarako eguna da, eta indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neskato guztiak «gogora ekarri» nahi dituzte manifestazioaren bitartez.
Dimentsioak askotarikoak dira
Dimentsio guztiak da aurtengo leloa, Gure bizitzekin negoziorik ez! edo ¡haceos cargo ya! leloekin batera.
Dimentsio hitzak badu indarra; izan ere, dimentsio txikiena ere handia da. Leloa azalduz, «dimentsio ezberdinak» daudela nabarmendu du asanbladako kideak, «dimentsio bakoitza bere norabidean» doalako. Lopetegik argitu duenez, «feminismoa dimentsio guztietan proposamen integralak egiteko gai den mugimendua da».
Bigarren leloari eta negozioei dagokienez, militante feministak azaldu du «sistema erabat pribatizatuta dagola eta horren ondorioz, emakumeek lan prekarioetan eta baldintza ez egokietan» lan egin behar izaten dutela.
«Feminismoa dimentsio guztietan proposamen integralak egiteko gai den mugimendua da»
«Mundua sostengatzen da emakumeek ordaindu gabe egiten dugun lan horiei esker», salatzen du mugimendu feministak aspalditik. Hortaz, Euskal Herriko Mugimendu Feministak interpelazio zuzena zabaltzen die erakunde publikoei: Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udal guztiei. Donostiako Asanblada Feministak, baita ere, udalari eskatzen dio «bere esku dauden eskumenak, asko direnak, aldatu ditzala»; besteak beste, etxez etxeko zerbitzua, udalak duelako «ahalmena bere hiria nolakoa izan daitekeen erabakitzeko eta arazoei aterabideak emateko».
Baina udala ez da soilik ahalmen hori duena. Mugimendu politikoei eta giza eskubideen defentsan aritzen direnei esker, gizartea beharrei birmoldatzen doa eta pentsamenduetara eta jokaera berrietara egokitzen doa. Indarkeria sistematikoari defentsa sistematikoarekin eta estrukturalarekin egiten zaio aurre.
Borroka eguna da M8
Lopetegik gaurko manifestazioan parte hartzera deia egiten du, eta batez ere, deia zabaltzen die emakume transei eta bollerei, «mobilizazioko lehen lerrora» animatuz.
Bestalde, erakunde publikoek eta gizon guztiek «interpelazioa jaso» dezatela espero du, eta «ardurak hartu behar dituenak har ditzala», gaineratu du; izan ere, erakundeak eta gizon boteredunak sistema patriarkal eta maskulinitate hegemoniko berdinarekin harremantzen dira.
Lopetegik aldarrikatu du gaurko eguna ez dela jai eguna, «borroka eguna» dela mahaigaineratuz. Aldarrikapenak lehen lerroan egongo dira, bai, baina Donostiako kide feministek faltan botako dute manifestazio osteko goxogune transfeminista zen Aurresku taberna.
Beste txokoak okupatu beharko dituzte manifestariek, elkarrekin, borrokan, dimentsio guztiak samurtasun feministaz eta elkarzaintzaz zipriztinduz.