Lee Chun-Sooren zaleen kluba
Ondo gogoan dut. Gizonezkoen Munduko Futbol Kopa Hego Korean jokatu zen 2002an. Etxekoek mundial nahiko ona jokatu zuten, eta horien artean, izan zen bat nola edo hala nabarmendu zena: Lee Chun-Soo. Hurrengo urtean, 2003-2004 denboraldian, Realera etorri zen. Nik uste dut, guretzat behintzat hala zen, Asiako lehenengo jokalaria zela Realean. Beckham korearra deitzen zioten, ilea tindatuta edukitzeagatik, zeren garai hartan, gizonezkoen estetikari metrosexualitatea deitzen zitzaion. Bere lehen partida ikustera joan ginen Bretxa merkataritza gune zen sasoian —artean, bolatoki eta guzti—. Zapatila zuri eta granate super guapo batzuk zituen, eta nik behintzat, horrelakoxeak erosteko eskatu nien gurasoei. Lehenengo partidan gol bat sartzetik gertu izan zen gure izarra —uste dut—, eta oso fan bihurtu ginen, «hurrengoan fijo baietz», esanez. Gerora, ordea, gure lagun hegokorearrak ez zuen bakar bat ere ganoraz jo. Eta hurrengo urtean, Soriako ekipoari utzi zioten…
Harrigarria da zenbat datu absurdo gordetzeko gai garen, ezta? Hori izan delako, bai, euskal-mutil-heteroen hezkuntzaren zutabeetako bat. Ai, beste gauza erabilgarriagoetarako erabili izan bagenu burua!

