Almodovarren filma zuzeneko soinu bandarekin, Ombligoren eskutik, Tabakaleran
'¿Qué he hecho yo para merecer esto?' filma ikusgai egongo da larunbat honetan, 19:00etan, Tabakaleran, Ombligo musika taldeak sortutako konposizioarekin.
Pedro Almodovarren ¿Qué he hecho yo para merecer esto? filma ikusgai egongo da larunbat honetan, 19:00etan, Tabakaleran, berezitasun batekin: zuzeneko musika izango dute ikusleek; izan ere, Ombligo musika talde madriladarrak filmaren soinu banda joko du, propio sortutako konposizioarekin.
Tabakalerak horrelako ikuskizunak eskaini izan ditu aurretik baita ere; izan ere, Tabakalerako “zinema pantaila musika areto izateko desiratik” jaio zen Jatorrizko soinu banda zikloa, zuzeneko musikak lagundutako zinea. Tabakalerak berak azaltzen duenez, “irudi mutuak musikarekin laguntzearen tradizioak zuzenean garamatza zinema mutuaren jatorrietara”.
Halaber, hortik jaio da interesa eta proiektua, “filmak zuzeneko musikarekin proiektatzearen tradizioari gaur egungo bandek nola heltzen dioten esploratzeko asmoz”. Denborak eta estiloak, gitarra elektrikoak eta pianoak, sintetizadoreak eta B seriea, thereminak eta panderetak mugimendua duten irudien gainean konbinatzen dira.
Ibilbide berean, dagoeneko mota horretako bi esperientzia “oso ezberdin” izan ditu espazioak: Zombie Zombie talde frantsesaren bisita Narimane Mari-ren Loubia Hamra pelikula zuzenean musikatzeko, eta Grigori Kozintsev-en La Nueva Babilonia (1929) filmaren proiekzioan Mélanie Lévy-Thibaut-ek zuzendutako Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Shostakovich zuzenean jotzen.
Horrez gain, aipatzekoak dira Euskadiko Filmategiak Jazzaldia jaialdiaren laguntzarekin antolatutako proiekzioak, “jazzaren imajinarioak zinemaren historian duen lekua ardatz dutenak”: Jazz Zinema.