Dagoeneko salgai daude Boga Boga Festibalaren kontzertuetarako sarrerak
Mudhoney, Gorka Urbizu, Lisabö, Melenas eta Sara Zozaya, besteak beste, dira festibalean parte hartuko duten artistak.
Dagoeneko salgai daude Boga Boga Festibalaren kontzertuetarako sarrerak. Mudhoney, Gorka Urbizu, Lisabö, Melenas, Sara Zozaya, Los Sara Fontan, Ithaka, Tengger, Pinpilinpussies, Teo Lucadamo, Pipiolas, Dadila eta Toc dira egun kartelean dauden artistak. Aurrerago talde berriak iragarriko dituzte.
Antolatzaileak Gin Musica eta Dabadaba dira eta “musikaren munduko izen garrantzitsu ugarirekin eta berritasunekin” eskaini dute lehendabiziko kartela. Festibalaren helburua, “hirian musikaren inguruko esperientzia berezia izatea” da. Antolatzaileek, ohar baten bitartez adierazi dutenez, ilusio handiz heldu diote “atsegina eta zeharkakoa” den hiriko ekitaldi honi. “Jaialdi bat baino gehiago, musikaren inguruko jai bat da; izan ere jai izaerako ekitaldia da eta dauden espazioetara egokitzen da, azpiegitura handirik edo lekualdaketarik behar izan gabe,eta alderdi emozionalari zein hiriko agendari dagokionez dagoen hutsune hori bete nahi dugu”, diote Gin Musicako Sergio Cruzadok eta Dabadabako Alex Lopezek.
Iaz arrakasta handia izan zuen festibalak eta izen ezagunak izan ziren bertan: Julieta Venegas, Belako eta Anari, besteak beste. Gainera, Ondarretaren, Chillida Lekuren eta Miramar Jauregiaren sarrera guztiak agortu zirenez pasa den urtean, eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten iraileko hainbat astetan izango dira emanaldiak. Kontxako estropaden asteburuan izango da hasiera Boga Boga Festibalak, irailaren 4an, eta aurten agertoki berriak izango dira, Aieteko Parkea eta Kursaaleko terrazak gehituz.
Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du irailaren 5ean eta 6an egingo den festibalarekin, eta udako ikastaro bat eskainiko du Miramar Jauregian, “jaialdien ereduari eta XXI. mendean kulturan duen eraginari buruz eztabaidatzeko”. Halaber, estatu osoko jaialditako ordezkarien, kazetarien eta profesionalen parte hartzea egongo dela jakinari dute.