Jardunaldi erabakigarria Bera Berarentzat
Etxean jokatuko dute asteburuan Bera Berak, Realeko neskek, Txuri Urdineko neskek eta belar hockeyko Realak. Kanpoan ariko dira, aldiz, Gipuzkoa Basket eta belar hockeyko Donostiako Atletiko.
Ligako fase erregularreko azken jardunaldia iritsi da Bera Berarentzat, eta dena oso estu dago lidergoan. Izan ere, 35 punturekin dago Elx eta 34rekin Malaga eta Bera Bera; horregatik, jardunaldi honetako neurketa guztiak ordu berean jokatuko dira, azpijokoak ekiditeko. Izan ere, asteburu honetan erabakiko da nola gelditzen den ligako titulua eskuratzeko play-off-a, baita nork lortuko duen Europako Ligarako txartel zuzena (lehenengo sailkatuak eskuratzen du) eta nork Europako Koparako txartel zuzena (bigarrenak lortzen du). Bera Berari dagokionez, etxean jokatuko du larunbatean, Valladoliden aurka, eta helburua argi dauka: irabazi eta hatzak gurutzatu, Elxek, Malagak edo biek galdu dezaten.
Futbolean, Realeko neskek Athleticen aurkako derbia jokatuko dute Anoetan, larunbat arratsaldean. Realzaleek, beraz, partidaren eta 23. Korrikaren artean erabaki beharko dute, Korrikak hiriko kaleak zeharkatzen dituen bitartean jokatuko baita neurketa; hain zuzen ere, horregatik ez da sartuko aurten Korrika estadiora. Kirol ikuspegitik, partida garrantzitsua da txuri-urdinentzat, derbia izateaz gain, Athletic aurkari zuzena baita ligan. Hain zuzen ere, zortzigarrenak dira donostiarrak eta zazpigarrenak bilbotarrak, lau puntuko aldearekin. Txuri-urdinek, beraz, puntu bakarrean utziko lukete zuri-gorriekin duten aldea, irabaziz gero.
Saskibaloian, neurketa zaila izango du Gipuzkoa Basketek larunbatean, San Pablo Burgosen etxean. Izan ere, Burgosko taldea ligako hirugarrena da, eta Gipuzkoa Basket bosgarrena. Irabaziz gero, mahai gainean kolpe garrantzitsua emango lukete donostiarrek.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek kopako finalerdiak jokatuko dituzte larunbatean, etxean, Huarteren aurka. Liga irabazi ostean, denboraldiko bigarren tituluaren bila doaz donostiarrak, baina nafarrak mendean hartu beharko dituzte horretarako. Majadahondaren eta Puigcerdaren artean jokatuko da beste finalerdia, eta finala igandean izango da, 12:30ean.
Azkenik, belar hockeyan, Realak Sardineroren aurka jokatu du etxean, larunbatean. Seigarren sailkatua da Reala eta hamargarrena Sardinero, beraz, ez litzateke neurketa bereziki zaila izan beharko txuri-urdinentzat. Bestalde, gizonezkoen ligan, Atletic Terrassaren etxean jokatuko du Donostiako Atletikok; denboraldi makala egiten ari dira donostiarrak, eta ligako azken postuan daude.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Bera Bera — Valladolid (larunbata, 23, 19:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Reala — Athletic (larunbata, 23, 18:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 26. jardunaldia
- San Pablo Burgos — Gipuzkoa Basket (larunbata, 23, 20:00)
Izotz hockeya
Emakumezkoen kopa, finalerdiak
- Txuri Urdin — Huarte (larunbata, 23, 16:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Reala — Sardinero (larunbata, 23, 16:00)
Gizonezkoen liga, 14. jardunaldia
- Atletic Terrassa — Donostiako Atletiko (igandea, 24, 11:00)