Dbusek dio gidari bat kaleratu izanak ez duela zerikusirik «lineen ordutegiekin edo batzuetan hirian gertatzen diren trafiko arazoekin»
Dbuseko enpresa batzordeak, UGT, LAB eta Kurpil sindikatuek osaturikoak, mobilizazioak iragarri zituen ostegunean —hiru mobilizazio egingo dituzte hurrengo astean—, enpresak gidari bat kaleratu duela salatzeko, eta langilea bere lanpostura itzuli dadila aldarrikatzeko. Sindikatuen arabera, kaleratzearen arrazoia da gidariak bere ibilbideak batez besteko denboran baino gehiagoan egin izana, eta hori hiriko mugikortasun arazoen ondorioz eta lineen ordutegietan nahikoa aldaketa egin ez izanagatik gertatzen dela deritzote, ez langileen erruz. Horren aurrean, Dbusek komunikatu bat plazaratu du, bere bertsioarekin.
Dbusek azaldu duenez, “Konpainiako langile bat kaleratzeko hartutako erabakiak, jakinda azken hamazazpi urteetan enpresak ez duela horrelako erabakirik hartu, eta langileak egindako alegazioak aztertu ondoren, ez du zerikusirik lineen ordutegiekin edo batzuetan hirian gertatzen diren trafiko arazoekin, baina bai, ordea, zuzendaritzaren ustez, Dbusek eskaintzen duen eta konpainiaren gainerako langileek ahalegin handiz eta eguneroko jardunean ematen duten zerbitzuaren kalitatearekin bat ez datorren jokabide batekin”. Era berean, enpresako zuzendaritzak nabarmendu du “erabat” errespetatzen duela “enpresa batzordeak, edo edozein langilek edo erabiltzailek, zuzendaritzaren erabakiak kritikatzeko duten eskubideaz baliatzea”.
Halaber, “kezkatuta” agertu da “hirian batzuetan gertatzen diren zirkulazio arazoekin”: “Arazo horiei, ordea, ahalegin handia eginda eta inplikatutako alde guztiek elkarrekin lan eginda egiten zaie aurre, zerbitzurik onena emateko. Eta dakigunez, herritarrek gero eta hobeto baloratzen duten zerbitzua da, 2023an Dbusen erabilerak gora egin baitu, hiritar gehiagok erabili dutelako zerbitzua. Baina, ardura berarekin, Dbuseko zuzendaritzak uste du, zerbitzuaren bikaintasun maila zaintzeko, zerbitzua hobetzen lagundu beharrean zerbitzuari kalte egiten dioten jokabide justifikaezinak zuzendu behar dituela”.