Ene ondasun guztia
![](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2024/04/klikklak.jpg)
«Hau da ene etxea, hau da / ene aulkia, hau da ene ohea, / hau da ene ondasun guzia. / Bakardade eta isiltasun / hau da ene jabego bakarra. / Mila jostorratz herdoildu aldean, / leihorik gabeko begirada, / zafrada garratz bat bihotzean, / hauxe da nik dudan guzia: / hilda nagoela esan dezaket?».
Kartzelan idatzi zuen Joseba Sarrionandiak honakoa. Eta berdin du zenbat denbora pasatzen den, nondik irakurtzen den: ez duzu ziega barruan egon behar askatasunik ez izateko. Kein Mensch Ist Illegal kanpainaren tixertak barra-barra janzten ditugu, baina gero agertzen dira Alderdi Popularrekoak, Donostiako etxegabeek aterpe hartzen duten lekuak seinalatuz, zer eta Ska-p taldearen kanta ironikoarekin, eta inork ez du ezer esaten. Bullyak, eskolako barregarriak izatera jolasten. Matoiak matoiarena egiten. Argindarrik gabe, urik gabe, etorkizunik gabe bizi diren herritarrak gaizkile gisa tratatuz.
Klik-klak motz hauetarako beti dator ondo Galeano: «Poliziek ez diete krimenei aurre egiten, lanpetuta daudelako horiek egiten. / Bankarrotak sozializatu egiten dira, irabaziak pribatizatu. / Dirua askeagoa da jendea baino».
Egoera makur honetan inork ez al du suebakirik egin behar, ala?