60 urteko gizon baten bila ari da Ertzaintza, Bidebietako sexu erasoarekin lotuta
Bidebietako kiroldegiko aldagela batean adingabe bati ustez sexu erasoa egin zion gizonaren bila ari da Ertzaintza. Izan ere, mutiko adingabe batek salaketa jarri zuen asteartean, sexu erasoa egin ziotelako Bidebietako kiroldegian, 20:00ak aldera. Erasoaren ostean aurkeztu zuten salaketa adingabearen legezko tutoreek, eta Ertzaintza gertaturikoa ikertzen ari da.
El Diario Vasco egunkariak jakinarazi duenez, gertakariak igerilekuko aldagelan jazo ziren, 13 urteko adingabea igerian aritu ostean. Uretatik irten eta dutxatzen hasi ondoren, 60 urte inguruko gizon batek harrapatu zuen, eta masturbatzen hasi zen. Egoeraz jabetu ondoren, adingabea aldagelako komunetako batean babesten saiatu zen. Ustezko erasotzailea, ordea, haren atzetik joan zen korrika, eta gelan sartu eta biktimarekin giltzapetzea lortu zuen.
Aipaturiko komunikabideak azaldu duenez, gizona ukituak egiten eta beste eraso batzuk egiten hasi zitzaion. Erasotzaileak beste erabiltzaile bat aldagelan sartzera zihoala sentitu zuenean eman zuen amaitutzat erasoa.
Ertzaintzak uste du gizona atxilotu ahal izango dutela, Bidebietako kiroldegiak segurtasun kamerak baititu korridoreetan eta leihatiletan. Gainera, sarbidea kontrolatzeko tornuen sistemak erabiltzaileen sarrerak eta irteerak erregistratzen ditu udal txartelaren abonatuak izanez gero, nahiz eta erasotzaileak sarrera ordaintzeko aukera izan. Ertzaintza haurraren deskribapenarekin bat datorren gizonaren bila dabil grabazioetan.