Antiguan hildako gizona frontoiko pala batekin erail zuten
Antiguako erailketan erabilitako arma frontoiko pala bat izan zela jakinarazi du Ertzaintzak. Asteazken goizaldean bertaratu ziren ertzain eta anbulantziak, istiluak entzun zituztelakoan, eta bertan topatu zuten, indarkeria zantzu nabarmenekin, Tomasz M. D. 49 urteko jatorri poloniarreko gizona. Berarekin batera bizi ziren 53 eta 54 urteko beste bi gizonak atxilotu zituen Ertzaintzak, eta horietako bat litzateke hilkearen egilea.
Asteazken gauerdian sartu ziren ertzainak Mikeletes kaleko 8. atariko hirugarren solairuko etxebizitzan, barruan liskar larri bat izan zela jakin ondoren. Etxebizitzan sartu zirenean, agenteek buruan zauri larriak zituen gizon bat aurkitu zuten, eta hilda zegoela egiaztatu zuten. Haren ondoan zegoen J.Z., hilketaren ustezko egilea, jatorriz gipuzkoarra, eta etxebizitzaren jabea eta etxean bizi zen beste gizon poloniar bat.
Azken horrek Poliziari azaldu zionez, liskarrak etengabeak ziren eta «nazkatuta» zegoen. Antza denez, astearte gauean eztabaida bat izan zen biktimaren eta J.Z.ren artean, eta frontoiko pala batekin hainbat kolpe eman zizkion buruan, heriotza eraginez. Hala ere, biak atxilotu eta Antiguako ertzain-etxera eraman zituzten. Han, ziegetan daude, epailearen esku uzteko zain.
Bizilagunek azaldu dutenez, liskarak etengabeak ziren eraikinean, eta, itxuraz, droga kontuetan sartuta zeuden.