Manteoko lanak eteteko bigarren galdeketa egingo dute
'Lanak gelditu eta Manteoko parkea berreraikitzea nahi duzu?', galderari erantzun behar diote herritarrek.
Gaur eta bihar, Uliako Auzo Elkarteak bigarren herri galdeketa egingo du Manteoko Basque Culinary Centerren egoitzaren lanak gelditzeko. Botoa Internet bidez eman daiteke dagoeneko —biharko 20:00ak arte—, eta presentzialki bozkatzeko aukera prestatu dute. Zehazki, hauteslekua Groseko hiru tokitan jarriko dute herritarren iritzia jasotzeko: Katalunia plaza, Nafarroa Beherea plaza eta Okendo Kultur Etxea. 16:00etatik 20:00etara egongo dira hiru leku horietan.
Abenduaren 30ean egin zuten lehenengo galdeketa, eta ia 7.000 lagunek parte hartu zuten —6.948k, zehazki—. 6.486 pertsonak (%96,53), BCCren bigarren egoitzaren aurrean, parkeak babestearen aldeko botoa eman zuten. 222k (%3,30) bozkatu zuten parkeak ez babestearen aurka, 11 lagunek boto zuria eman zuten (%0,16) eta 229 boto baliogabeak izan ziren.
Parkearen aldeko martxa
Manteoko parkea berreskuratzeko martxa egin zuten atzo arratsaldean, Groseko kaleetan barrena. Hainbat lagunek parte hartu zuten protestan.