Makina bat makina
Makina bat makina ditugu gure kaleak zulatzen gau eta egun. «Obrak! Obrak!», diote ahoa zabal-zabal herritarren ehuneko txiki batek hautatutako agintariek. «Obra hau NIK inauguratu nuen!» —enfasi berezia jarriz nik horretan—. «Eta beste obra hau GURE ALDERDIAK inauguratu zuen!» —enfasia gure horretan jarriz.
Oroitzen dut txikitako marrazki bizidunetan, Kalabaza Tripontzian, esaterako, alkatea eta agintariak beti zirela gorbatadun gizon serio eta aspergarriak, beti dirua tarteko zuten proiektuetan pentsatzen. Fabrikak eta porlana eta naturaren suntsiketa.
Zorionez, gauzak ASKO aldatu dira —enfasia, s horretan jarriko nuke— eta agintariak jada ez dira aberaskumeak. Orain, agintariak, herriaren arazoetatik oso-oso gertu daude, eta BENETAN axola duten proiektuez —badakizue non jarri enfasia— hitz egiten dute.
Tira, azken bi asteotan, behintzat, halaxe egon dira: jendeari BENETAN inporta zaienaz hitz egiten. Igandean, ordea, amaituko da telebisaturiko eztabaida publikoa, herritarren ehuneko txiki horrek hautatutako agintariak jarraituko dute Kalabaza Tripontzi estiloan. Makinak eta makinak, gure mendiak, kaleak eta etorkizunak zulatzen.