Bera Berak titulurako finalerdiak jokatuko ditu
Donostiako eskubaloi taldeak Valladolid mendean hartuta, Malaga izango du zain finalerdietan.
Bera Berako jokalariak Valladoliden aurkako garaipena ospatzen.Bera Bera Ohorezko mailako liga erregularrean talde onena izan ondoren, titulua eskuratzeko ere hoberenak izateko asmoa du Bera Berak. Ez da erraza izango, formatu honek ezustekoak ematen dituelako. Horrela ere, bide onetik doa Donostiako eskubaloi taldea. Larunbatean, final-laurdenetako itzulerakoa jokatu zuten Valladoliden aurka, Gaskan. Neurketa zaila izan zen, eta galtzetik gertu izan zen Bera Bera, baina azken minutuetan markagailua iraultzea lortu zuten (27-23). Joanekoan lorturiko errenta ederki baliatu zuten sailkapena ziurtatzeko. Finalerdietan Malagaren kontra ariko dira, eta joanekoa maiatzaren 4an jokatuko dute Gaska kiroldegian (19:00).
Saskibaloian, bukatu da Ibaeta Basketen denboraldia. Ligako titulurako lehian ezin izan dute Valentzia gainditu, nahiz eta joaneko partidan itxura ona eman. Atzo jokaturiko itzulerakoan, valentziarrek askoz hobeto jokatu zuten, eta beraiek eskuratu zuten finalerdietarako txartela (79-69). Gipuzkoa Basketek ere ez zuen ezer onik ekarri Fuenlabradari egindako bisitatik. Beraiek ere hamar puntuko aldearengatik galdu zuten (81-71). Partida bakarra falta zaie liga erregularra bukatzeko.
Futbolean, asteburu beltza izan da Realeko bi taldeentzat, biek galdu egin dutelako. Gizonezkoen taldeak Real Madril liderraren aurka galdu zuen ostiralean (0-1), nahiz eta partida hobea jokatu. Dena dela, golek erabakitzen dituzte norgehiagokak, eta bisitariek lortu zuten hori. Txuri-urdinek aukera batzuk eta onak izan zituzten irabazteko, baina ate aurrean ez zuten asmatu. Hori bai, asmatu zuten abagune garbienean epaileak Kuboren gola baliogabetu zuen aurrez Barrenetxeak egindako falta zalantzagarri bat adierazita. Jardunaldi bat gutxiago, eta Europako postuetan irauteko beste aukera galdu bat. Emakumezkoek ere burua altxa ezinda jarraitzen dute. Oraingoan, Atletico Madrilen kontra galdu zuten etxean (0-2). Burua ligan baino kopako finalean jarrita dutela dirudi.
Belar hockeyan, Realeko neskek porrot mingarria jasan zuten Sanse Complutenseren aurka Zubietan (2-4). Aldiz, Donostiako Atletikok golik egin gabe jarraitzen du, eta asko jasotzen. Taburientek zazpi egin zizkion talde donostiarrari (7-0).
EMAITZAK
Eskubaloia
Ohorezko maila, titulurako final-laurdenak (itzulerakoa)
- Bera Bera 27 – Valladolid 23
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, final-laurdenetako kanporaketa (itzulerakoa)
-
Valentzia 79 – Ibaeta Basket 69
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 32. jardunaldia
-
Fuenlabrada 81 – Gipuzkoa Basket 71
Futbola
Gizonezkoen liga, 33. jardunaldia
-
Reala 0 – Real Madril 1
Emakumezkoen liga, 25. jardunaldia
-
Reala 0 – Atletico Madril 2
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
-
Reala 2 – Sanse Complutense 4
Gizonezkoen liga, 18. jardunaldia
-
Taburiente 7 – Donostiako Atletiko 0

