Europako ateak zabalik mantendu dituzte
Realak Las Palmas mendean hartu du Anoetan, eta seigarren postuan jarraitzen du, lau jardunaldiren faltan.
Baikorren eta ezkorren arteko deman, lehenek egin zuten irribarre larunbatean. Realak hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituen Las Palmasi Anoetan irabazita (2-0). Txuri-urdinek neurketa ona jokatu zuten, aspaldiko partez, eta golak egiteko gaitasuna berreskuratu zuten. Sheraldo Becker izan zen partidako jokalari erabakigarriena. Haren erdiraketa bat arerioa bere atean sartu zuen, eta bigarren gola bere zartako baten bidez iritsi zen. Hirugarren bat ere egin zuen Jon Pacheco atzelariak buruz, baina ez zen markagailura igo epaileak falta adierazi zuelako. Horrela ere, garaipen honi esker Realak seigarren postuan jarraitzen du, eta Betis bi puntura duen arren, Europara sailkatzeko urratsa egin zuen larunbatean.
Realeko neskek, berriz, beste kolpe bat jaso zuten Levanteren zelaian (4-3). Bi aldiz jarri ziren aurretik, baina atzeko akatsek kondenatu zuten Natalia Arroyoren taldea. Vanegasek berdindu zuen norgehiagoka eta Jensenek irauli zuen markagailua bi aldiz. Ez zen nahikoa izan txuri-urdinek merezi duten garaipena eskuratzeko.
Eskubaloian, Bera Berak urratsa egin du titulurako kanporaketetan. Malagari irabazi zioten larunbatean, finalerdietako lehen partidan (22-21). Neurketa oso lehiatua izan zen, eta azken unean lortu zuten garaipena donostiarrek. Gol bakarragatik gailendu arren, oso garrantzitsua da lorturikoa. Malagan hamar minutuko luzapena izango du Bera Berak, bigarren partidan. Hilaren 19an izango da 18:00etan. Aurrez, Espainiako Kopa jokatuko dute Illunben.
Belar hockeyan, asteburu txarra izan da maila goreneko bi talde donostiarrentzat. Realak huts egin zuen etxean Juniorren kontra (1-2), eta Donostiako Atletikok ere galdu egin zuen Polori egindako bisitan (2-0).
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek Illunbeko lanak ondo baino hobeto bete zituen. Alacant mendean hartu zuten ostiralean (97-87), eta jardunaldi baten falta titulurako kanporaketak jokatuko dituzte.
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 34. jardunaldia
-
Reala 2 – Las Palmas 0
Emakumezkoen liga, 26. jardunaldia
-
Levante 4 – Reala 3
Eskubaloia
Ohorezko maila, titulurako finalerdiak
-
Bera Bera 22 – Malaga 21
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
-
Reala 1 – Junior 2
Gizonezkoen liga, 20. jardunaldia
-
Polo 2 – Donostiako Atletiko 0
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 33. jardunaldia
-
Gipuzkoa Basket 97 – Alacant 87