Miramar Jauregiak 2,1 milioi euroko diru laguntza jasoko du birgaitze lanetarako
Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen 2024-2025 urteetarako Miramar Jauregia birgaitzeko 2.144.294 euroko diru laguntza. Kursaal Elkargunea SA enpresa da eraikinaren kudeaketaren arduraduna, eta obrak 2025eko abendurako bukatuta egotea aurreikusten dute.
Diru partida bi momentutan bideratuko dira: aurten 1.167.515 euro eta 976.779 euro datorren urtean. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin batera, Miramar Jauregiko partzuergoko kide da, eta ondorioz, birgaitze lanen herena ordaintzea dagokio.
Eraikin nagusian, zerbitzuen eraikinean eta gainerako eraikin batzuetan egingo dira aldaketa nabarmenenak. Eraikin nagusian, sotoa, beheko solairua eta lehenengo solairua egokituko dira ekitaldiak egiteko, eta horretarako, irisgarritasuna hobetzeaz gain, aldagela eta komun berriak egingo dituzte. Aldiz, bigarren solairua egokitu egingo da, baina honetan alokatzeko bulegoak sortuko dituzte. Halaber, zerbitzuen eraikinean, hezetasunak kenduko dituzte eta gainerako eraikinetan esku hartze txikiak egingo dituzte. Era berean, suteen aurkako instalazioa egingo da eraikin guztietan.