Etxeko Kopa altxatzen ahaleginduko dira
Bera Berak Illunbeko finala du helburu. Final-laurdenetako partida jokatuko dute Atletico Guardesen aurka, gaur 20:30ean.
Gaurtik igandera bitarte, eskubaloia izango da protagonista Illunben. Duela bi urte gertatu antzera, Donostian erabakiko Espainiako Kopa. Gaur hasi dute azken fasea final-laurdenekin, eta Bera Bera etxeko taldea izango da jokatzen azkena. Atletico Guardes izango du aurrez aurre, 2022an finalerako txartela kendu ziona —finalerdietan haien kontra galdu zuten donostiarrek—. Orduko arantza kentzeko aukera paregabea izango dute gaur, 20:30etik aurrera. Final-laurdenetako lehen partida dagoeneko jokatu da, eta Granollersek irabazi dio Eldari (31-27). Finalerdietan Porriño edo Valladolid izango dute aurkari. Bera Berak, berriz, Elxen edo Malagaren kontra jokatuko du finalerdietara sailkatuz gero.
Futbolean, Realeko bi taldeek etxetik kanpo jokatuko dute. Mutilak Bartzelonaren aurka ariko dira astelehen gauean, Montjuic zelaian (21:00). Gironaren kontra galdu ondoren, Bartzelonak liga eman zion Real Madrili. Deskalabrua ahazten saiatzeko, txuri-urdinak mendean hartu nahiko dituzte, eta behar hori baliatu beharko du Realak. Batez ere, Europara sailkatzeko lehia bizi-bizirik dagoelako. Anoetatik urrun zenbaki hobeak egin dituzte denboraldi honetan, eta akaso punturik batu dezakete Bartzelonaren kontura. Neskek kataluniarren kontra jokatuko duten Kopako finalaren aurrekari ona izan daiteke, beti ere, txuri-urdinek ezustekoa ematen badute. Hain zuzen ere, nesken taldea Teneriferen aurka ariko da etzi (12:00), aipatuko finalerako sentsazio onen bila. Horretarako, irabaztea garrantzitsua izango da konfiantzaz hartzeko hilaren 18ko finala.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek ligako fase erregularrari bukaera emango dio gaur, Ourenseren pistan. ACB Ligara igotzeko kanporaketak jokatuko dituzte donostiarrek, eta aurrekari on bat izan daiteke jokatuko duten faserako.
Belar hockeyan, irabaztea zer den ahaztua dute Realak eta Donostiako Atletikok. Azken porroten ostean, eta liga bukatzear denean, garaipenen bat osatzeko beharra dute. Realak Taburienteren zelaian jokatuko du etzi (11:30). Donostiako Atletikok, berriz, Bartzelona hartuko du etzi, etxean (12:30).
Txirrindularitzan, Emakumeen Itzulia Donostian bukatuko da etzi. Hirian hasi eta bukatuko den hirugarren etapa erabakigarria izango da. Beste behin ere, Donostiako Klasikoaren antzekoa izango da, hirian hasi eta bukatuko baita. 114,9 kilometro egingo dituzte, eta Jaizkibelgo (lehenengo mailakoa), Gurutzeko (hirugarren mailakoa) eta Mendizorrotzeko (bigarren mailakoa) mendateak igoko dituzte. Jaizkibel Lezotik igoko dute, eta Mendizorrotz Murgileko aldapa entzutetsutik. Murgilen, aurreikusten da txirrindulari indartsuenek euren maila erakutsi eta tartea irekiko dutela gainontzekoekin. Handik Oriora jaitsiko dira, eta Donostiarainoko kilometroak erlojupeko baten modukoak izango dira, horrela erabaki dadin lasterketa.
PARTIDAK
Eskubaloia
Kopako azken fasea, final-laurdenak
-
Bera Bera – Atletico Guardes (gaur, maiatzak 10, 20:30)
Futbola
Emakumezkoen liga, 27. jardunaldia
-
Tenerife – Reala (etzi, maiatzak 12, 12:00)
Gizonezkoen liga, 35. jardunaldia
-
Bartzelona – Reala (astelehena, maiatzak 13, 21:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 34. jardunaldia
-
Ourense – Ibaeta Basket (gaur, maiatzak 10, 21:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
-
Taburiente – Reala (etzi, maiatzak 12, 11:30)
Gizonezkoen liga, 21. jardunaldia
- Donostiako Atletiko – Bartzelona (etzi, maiatzak 12, 12:30)