San Martzial kaleko bidegorria ezabatu dute, oinezkoek «lehentasuna» izateko
Erdialdeko San Martzial kaleko oinezkoentzako pasabidean aldaketa esanguratsu bat egin du Donostiako Udalak. Oinezkoak eta bizikleta erabiltzaileak bereizteko bidegorri bat zegoen seinaleztatuta marra zuriekin. Ordea, horiek ezabatzea erabaki du udalak, oinezkoen “lehentasuna” izan dezaten.
Mugikortasun Sailaren arabera, ezabaturikoa ez zen bidegorri bat, “bizikidetza gune bat” baizik. Seinaleek horrela adierazten dutela berretsi dute. “Marrak ikusita, bizikletek lehentasuna zutela ulertzen zuten, baina ez da horrela. Horregatik ezabatu dira”.
Pasabidearen irizpideak mantentzen direla gaineratu du Mugikortasun Sailak: “Oinezkoentzako eta bizikletentzako gune bat da, baina lehentasuna oinezkoarena da beti”.