Olatz Salvadorrek 'Gerorik balego' pieza elektronikoa estreinatu du
Musikari donostiarrak iraila bukaeran argitaratuko duen lan berriaren beste aurrerapen bat da.
Abesti berri bat eta iragarpen batzuk plazaratu ditu Olatz Salvador musikari donostiarrak. Gerorik balego singlea entzungai jarri du plataforma digitaletan, eta aurreratu du irailean kaleratuko duen hirugarren diskoaren parte izango dela.
Balaunka diskoetxeak honela aurkeztu du kanta berria: “Garaiko hainbat pentsalarik diote errazagoa dela munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren amaiera baino. Fede falta batetik abiatutako agertoki post apokaliptiko bat iradoki dezake Salvadorren bigarren aurrerapen kanta honek, progresiboki estasi itxaropentsuago batera daramana”.
Oinarri elektronikoa eta soinu anbiental eta distortsionatuek rave kutsu bat ematen diotela dio diskoetxeak; “dantza katartiko batera eraman nahi gaituen bidaia proposatzen du”.
Abestia 2022. urtean sortu zuen Loraldia jaialdiko egitasmo baterako, eta Gironako Olivera estudioetan ekoiztu, grabatu eta nahastu du.
Bestalde, ekainaren 20an Miramar Gauak jaialdian parte hartuko du Salvadorrek bandarekin. Uztailean, berriz, oraindik iragarri ez duen, baina ilusio handiz emango duen kontzertu bat eskainiko du.
Duela hilabete inguru, Basan abestia aurreratu zuen, bideoklip eder batekin.