Bera Berak Elxen aurka jokatuko du ligako titulurako finala
Donostiako eskubaloi taldeak sufrituta eta luzapenean gainditu du Malaga, finalerdietako bigarren partidan.
Kopa ez ezik, liga ere irabazteko aukera izango du Bera Bera eskubaloi taldeak. Estu eta larri aritu ziren atzo, Malagaren pistan, ligako titulurako finalerdien bigarren partidan. Gol batengatik irabazi zuten Donostian, eta alde horri eustea zuten helburu Carranque pistan finalera sailkatzeko. Ordea, ez zen batere erraza izan. Neurketa bukatzeko zazpi minutu falta zirenean, etxekoek lau goleko abantaila zuten markagailuan (26-22), baina donostiarrek luzapena behartu zuten (28-27). Berdinketa ere eskura izan arren, ez zuten asmatu. Halere, luzapenean, bai. Bera Berak minutu onak jokatu eta finalerako txartela eskuratu zuen (4-5). Elxen kontrako jokatuko dute titulua, eta lehen partida maiatzaren 29an jokatuko dute Gaskan, 19:30ean.
Futbolean, Realeko neskek merezi ez zuten zigorra jaso zuten Espainiako Kopako finalean. Bartzelonarekiko duten alde nabarmena agerian geratu zen larunbatean, zortzi gol egin zizkietelako. Hasieratik gaindituta eta ezinean sentitu ziren txuri-urdinak. Porrota barneratu eta aurrera egitea besterik ez du taldeak, finalera iristeak duen garrantzia aintzat hartuta. Mutilek, berriz, denboraldiko helburuetako bat bete zuten Betisi irabazita (0-2), eta Europa Ligan ariko dira datorren sasoian. Andaluziarrei irabazita txuri-urdinek matematikoki ziurtatu dute seigarren postua, eta bosgarren urtez jarraian Europarako sailkatu dira. Brais Mendezek eta Mikel Merinok egin zituzten Realaren golak, eta Alex Remiro atezainak penalti bat gelditu zuen.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek garaipen garrantzitsua eskuratu zuen atzo, ACB Ligara igotzeko final-laurdenetako bigarren partidan. Tizona Burgosi irabazi egin zioten haien pistan (90-92), eta Donostian jokatuko diren hurrengo bi partidak irabazita, kanporaketa gaindituko dute. Ordea, ez da batere erraza izango, Tizonak larunbateko lehen partidan mendean hartu zuelako Gipuzkoa Basket (108-90).
Belar hockeyan, Realak eta Donostia Atletikok porrotarekin bukatu dute liga. Txuri-urdinek Tenisen aurka galdu zuten Zubietan (2-3), eta ezin esan egindako denboraldiarekin gustura geratu direnik. Donostiako Atletikok, berriz, Complutenseren zelaian galdu zuen (5-1).
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, finalerdietako bigarren partida
- Malaga 28 — Bera Bera 27 (Luzapena: 4-5)
Futbola
Emakumezkoen kopa, finala
- Bartzelona 8 — Reala 0
Gizonezkoen liga, 37. jardunaldia
- Betis 0 — Reala 2
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren mailako liga, final-laurdenak
- 1. partida: Tizona Burgos 108 — Gipuzkoa Basket 90
- 2. partida: Tizona Burgos 90 — Gipuzkoa Basket 92
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Reala 2 — Tenis 3
Gizonezkoen liga, 22. jardunaldia
- Complutense 5 — Donostiako Atletiko 1