Rammstein prest dago 30. urteurrena Anoetan ospatzeko
Ekainaren 5ean kontzertua emango dute Donostian, eta oraindik sarrerak eskuratu daitezke.
Rammstein alemaniarren zuzeneko ikusgarri bat. Bi aste falta dira Alemaniako Rammstein taldeak Anoeta futbol zelaia berotzeko eta girotzeko. Ekainaren 5ean Donostian izango dira, Europan zehar egiten ari diren biraren baitan. Oraindik ez dituzte sarrera guztiak agortu, eta taldearen webgunean eskura daitezke 62, 89 eta 99 euroren truke.
2022an kaleratu zuten Zeit estudioko zortzigarren diskoa, orain arteko azkena. Dena dela, Anoetako emanaldian euren ibilbide luzeko abestiekin osaturiko errepertorioa eskainiko dute. Esaterako, Du hast klasikoa ez da faltako.

