Etxebizitza proiektuen aurkako helegiteak «galera handi bat» direla berretsi du Nekane Arzallusek
Kaleratzeak Stop taldeak egindako agerraldiaren harira, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazpenak egin ditu. Harridura konpartitua dela esan du, eta bi helegiteen atzean “abokatu berdina” dagoela nabarmendu du Arzallusek. “Horrelako helegiteekin sustatzaileek, banketxeek eta udalak ezin ditugu garapenak aurrera eraman”, gaineratu du.
Horrez gain, Hirigintza zinegotziak berriz ere aipatu du El Diario Vasco-rena zen lursailean hotel bat eraikitzea aurreikusten zutela promotoreek: “Guk lortu dugu aukera hori baztertu eta han etxebizitzak eraikitzea. Gainera, horietatik %40 babestuak izango dira. Lehen zero etxebizitza ziren eta orain %40, aldea badago. Guk argi dugu zer egin behar dugun etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, eta ildo beretik lanean jarraituko dugu”.
Ibaetako eta Illarrako etxebizitza proiektuen kontrako errekurtsoak “galera handi bat” direla deitoratu du Arzallusek: “7.000 eskari etxebizitza babestuentzako, eta beste 7.000 izena emanda etxebizitza libreak erosteko. Zer esango diete eskaera egin duten pertsona horiei? Niri tristura handia sortzen dit egoera honek”.