Helmuga
Turista talde bat, Kontxako hondartzan.Joseba Parron San Sebastian Lasterketen hirian, bandera bat altxatzeak beste zerbait adierazi nahi du. Bai, pentsatzen duzun hori. Turistak? Ez, noski. Kontxako estropadak ekar ditzake gogora, epaileak bandera altxatzean abiatzen direlako traineruak ziabogaren bila, itsaso zabalera. Gero bueltan datoz, irteera delako helmuga.
Tira, bisita gidatu turistikoekin antzera gertatzen da. Gidariak bandera altxatu orduko, turistak hari so geratzen dira. Bisitek irteera bat izan ohi dute, hiriko gune jakin batean, eta helmuga hasierako puntua edo beste bat izan ohi da. Turisten lasterketetan, bueno, ibilbideetan, bandera altxatzen du gidariak toki zehatzetan. Orduan ere, turistak banderari so, eta lekuko historiari erreparatzen diote begiekin, belarriekin eta, batez ere, sakelako telefonoarekin. Hemendik aurrera, mugatua izango da gidariek helmugara eramango dituzten turisten kopurua: gehienez 25 lagun.
Bai, argazkiko bandera nongoa den jakin nahiko duzue. Horretarako, bexiologo bati galdetu beharko diozue.

