Amara Berri-Morlans ikastetxeko obren etetea eskatu du guraso talde batek
Ikastetxeko jolasgunean udararako espero ziren obrekin hasi dira jada, eta haurrak patioan dauden bitartean "makinaria pisutsuarekin lanean" ari direla ohartarazi du guraso taldeak.
Amara Berri Morlans ikastetxeko obrak, pasa den ostiralean.Change.org Amara Berri-Morlans ikastetxeko patioko obren etetea eskatu du guraso talde batek, eta sinadura bilketa antolatu dute. Obra hauek udararako espero ziren, baina hasi dira jada eta haurrak patioan dauden bitartean lanekin ari direla ohartarazi du guraso taldeak. Horregatik, obrak eteteko edo patioa konpontzeko lanak 17:00etatik aurrera —haurrak joan direnean— egiteko eskatu dute.
Pasa den asteko ostegunean hasi ziren lanekin, nahiz eta ikastetxeak komunikatua bidali zien gurasoei jakinaraziz udaran egingo zituztela obrak, “ikasleen garapen akademikoan kalterik ez eragiteko”. Hala, gurasoek salatu dute dute haurrak patioan jolasean ibiltzen direla “zaratarekin, hautsarekin eta makinaria pisutsuarekin”.
Guraso taldeak, change.org webgunean azaldu duenez, kezka handiarekin bizi dute egoera; izan ere, “estres akustiko honek ikasleengan eragina izango du eta hainbat ikasle daude sentikortasun akustikoarekin”. Halaber, hautsak ere “eragin zuzena izango du ikasleengan eta irakasleengan”, eta asma dutenek edo ikastetxera sartzen diren familiar helduek egoera bereziki sufrituko dutela azaldu dute, baita ere.
Hala, patioan dauden bitartean, makinaria pisutsua eta haurrak hesi bakar batek separatzen dituela salatu dute, eta egoera “arriskutsua” dela nabarmendu dute. Gainera, guraso taldea Donostiako Udalarekin eta Hezkuntza sailarekin harremanetan jarri den arren, inork ez diela azalpen zehatzik eman azaldu dute.
Segurtasuna bermatzea
Eneko Goia alkateak gaurko Tokiko Gobernu Batzarreko prentsa aurrekoan —hilaren 4, asteartea— azaldu du patioko obrekin hastearen arrazoia dela ikasturte hasieran ikasleen segurtasuna bermatzea, ikastetxeko zuzendaritzak hala eskatuta. Halaber, alkateak nabarmendu du udalak ez dakiela nola jakinarazi zaien honen berri gurasoei.

