Efimeroa
Bi haur bata besteari heltzen, Antiguan.Joseba Parron San Sebastian Efimeroa da…
Efimeroa d…
Efimer…
Efim…
Efi…
Ef…
E…
l…
…
Han joan da irudia. Kamera pizten ari zarela eta begiekin irudia enkoadratzen ari zarela, eszena aldatu egin da eta argazki gabe geratu zara. Pena. Baina asumitzea besterik ez duzu. Argazkilaritza guratsua delako.
Kaletik paseoan zabiltzala, eguzkiaren argiekin egin duzu estropezu, eta argi joko interesgarria dela, argazkia ateratzeko modukoa, pentsatu duzu. Baina obturazioa ixten ari zarela, galerna sartu da eta argi izpiak desagertu egin dira.
Amona kutuna bilobarekin kulunkan ari dela, irudimenean argazkia aurreikusi duzu. Baina abiadura igotzen ari zarela, erdiko belaunaldia iritsi da eta jokoa gelditu egin da.
Bi lagun eskailerak behera, baranda erdian dutela, elkarri helduta Antiguako frontoira bidean doazela, Klik-klak baterako balio duela pentsatu du etxe honetako argazkilari jatorrenak. Eta denbora izan du kamera pizteko, gorputza geldi mantentzeko eta ttak, egin du klik-klak.
Zoragarria da argazkilaritzak momentu efimeroak islatzeko oparitzen duen aukera. Besarkada analogiko eta digital bana nire inguruko argazkilariei. Aitari estuena, noski.

