Turismoa erregulatzeko proposamenari buruzko hitzaldia antolatu du EH Bilduk
San Jeronimo kaleko Udal Liburutegiaren Kriptan antolatu dute hitzaldi parte hartzailea, eta bihar, 19:00etan, emango diote hitzorduari hasiera.
EH Bilduk Turismoa erregulatzeko proposamena. Hobekuntza ala segida? hitzaldi parte hartzailea antolatu du, bihar, hilaren 12an, San Jeronimo kaleko Udal Liburutegiaren Kriptan. 19:00etan emango diote hitzorduari hasiera, eta helburua da herritarrek informazio guztiarekin erabakietan parte hartu ahal izatea eta “turismo ostatuei buruzko HAPOaren aldaketan hitza ematea donostiarrei”.
Donostiako Udalbatzak 2024ko martxoan onartu zuen ostatu turistikoei buruzko HAPOren hasierako aldaketa dokumentua, eta EH Bilduk, ohar baten bitartez, jakinarazi du komenigarria dela “gogoraraztea herritarrek aldaketari alegazioak egiteko epea ekainaren 20an amaitzen dela”. Deialdiaren helburua “prozesuari gardentasuna ematea eta parte hartzean sakontzea da, eta dokumentua bera zer den argitzearekin batera, edukiari ekarpenak nola egin azaltzea” da asmoa.
Alderdiak eskaini dituen datuen arabera, turismo ostatuen eskariak etxebizitzen gaineko espekulazioa “areagotu” du, alokairuaren eta erosketaren prezioa puztuz. Ondorioz, azken zortzi urtetan, Parte Zaharrak 131 biztanle, Grosek 719 eta Antiguak 439 galdetu dituztela ohartarazi dute. EH Bilduren ustez, orain arte udal gobernuaren ahotik ezagututako asmoak “hanka motz” geratzen dira, eta, besteak beste, ez dela nahikoa Gros, Antigua eta Erdialdea, Parte Zaharra barne, eremu saturatua izendatzea nabarmendu dute oharrean, Amara, Egia, Arriola, Ategorrieta eta Intxaurrondo babestea proposatuz.