'Auzoko ahotsak!', haur partaidetzarako foroa udal gobernuarekin eta hainbat eragileekin bildu da
Auzoko ahotsak!, haur partaidetzarako foroak udal gobernuko kideei euren eskaerak azaldu dizkie; izan ere, ekialdeko sei ikastetxe publikoetako ikasleak alkatearekin eta udal gobernuko kideekin bildu dira udaletxeko osoko bilkura aretoan, baita departamentuko teknikariekin eta zuzendariekin ere, “auzoetan eta hiri osoan dituzten kezkak eta hobekuntza eskaerak” azaltzeko.
Bileran parte hartu dute Donostiako alkateak, Carlos Garcia Hiri Mantenmenduko zinegotziak, Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak, Olatz Yarza Mugikortasuneko zinegotziak, Juantxo Marrero Ingurumeneko zinegotziak, Mariaje Idoeta Auzoetako eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak eta Cristina Lagee Aniztasuneko, Inklusioko eta Berdintasuneko zinegotziak. Halaber, Osasun Publikoko, Cristina Enea Fundazioko, Hiri Mantenmenduko eta Herritarren Partaidetzako udal zuzendari eta teknikariak ere bileran izan dira, besteak beste.
Ikastetxeek azken hilabeteetan bere proposamenak landu dituzte hainbat arlotan, hala nola ingurumenean, trafikoan, bidegorrietan eta garraioan, bide garbiketan, parke eta espazio publikoetan, segurtasunean eta kirol azpiegituretan, besteak beste. Lageek, ohar baten bidez, adierazi duenez, “ekintza honen helburua haurren parte hartzea lortzea, subjektu politiko aktibo izatea eta hirian eragiteko gaitasuna sustatzea da”.
Ekimen hau Ekialdeko Barrutian garatu da. Mendiola, Herri Ametsa, Asuncion, La Salle, Altza Herri Ikastetxea eta Herrera ikastetxeetako ikasleek parte hartu dute, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek. Ikastetxeekin bilerak egin dituztela nabarmendu dute eta, ondoren, haurrekin saioak auzoka. Saio horietan “auzoen beharrak aztertu dituzte, interesatzen zaizkien gaiak azaldu dituzte eta, horrela, proposamenen zerrenda egin dute”.