Bost abesbatzek hartuko dute parte Aita Donostiaren omenezko zikloan
Emanaldiak Donostiako Kaputxinoen elizan izango dira 19:30ean, eta Easo Gazte, Santa Zezilia, Eragiyok, Aita Donostia eta Oskarbi taldeek hartuko dute parte.
Easo Abesbatza. (Argazkia: Donostiako Udala) Bost abesbatzek hartuko dute parte Aita Donostia Euskal musikari eta organistaren omenezko astean. Musika zikloa bihar hasiko dute eta larunbateraino luzatuko da, Donostiako hainbat txokotan. Easo Gazte abesbatza emango dio hasiera emanaldiei. Gorka Mirandak zuzenduta, Larraitz Otamendi eta Iraide Urbistondo bakarlari dituela, Kaputxinoen Elizan Licinio Reficeren Missa in nativitate B. Mariae Virginis abesbatzarekin kantatuko du.
Egun berean, Laida Otaduyk zuzendutako Santa Cecilia Abesbatzak Leonard Cohen, Bob Chilcott edo Edwin Hawkinsen abestiak eskainiko ditu. Ostiralean, berriz, Eragiyok Astigarragako abesbatzaren txanda izango da, Ander Simal Alberdiren zuzendaritzapean. Musika sakroa, abesti herrikoiak eta Aita Donostiaren piezak joko ditu.
Larunbatean, berriz, Aita Donostia Abesbatzak emango dio amaiera zikloari, Javier Alberdi eta Angela Agüeros pianojoleen zuzendaritzapean, Oskarbirekin batera. Lehen abesbatzak Elberdiren eta Sarasolaren lau obra interpretatuko ditu; Oskarbik, berriz, Kantua zuei eta Trinidadeak bezalako piezak abestuko ditu; eta amaiera gisa, biek Androkanto eta Mariñela partekatuko dituzte.

