Javier De Pedro jokalari ohia Martuteneko espetxean sartu dute, eraso matxista batengatik
Javier De Pedro jokalaria. Bederatzi hilabeteko kartzela zigorra bete beharko du Javier De Pedro Realeko jokalari ohiak, indarkeria matxistagatik. Ertzaintzak atzo atxilotu zuen haren lantokian, Astigarragako sagardotegi batean, eta Martuteneko espetxean sartu dute. El Diario Vasco egunkariak eman du albistea.
Trintxerpen bizi den emakume baten aurkako tratu txarrengatik atzeman dute, ordutik poliziak hura atxilotzeko agindua zuelako. Gainera, astelehenean, Donostiako beste emakume batek salaketa bat jarri zuen De Pedroren kontra, hark besoa hautsi ziola salatu duelako.
Indarkeria matxistari dagokionez, Errioxako jokalari ohiak aurrekari gehiago ditu. 2018an atxilotu zuten bikotekideari eraso egiteagatik, eta karguekin aske geratu zen. 2010ean 51 eguneko komunitate lanak egitera zigortu zuten, telefono mugikorretik bidalitako mezuen bidez bikotekide ohi bat mehatxatzeagatik eta iraintzeagatik. Bestalde, 2009an positibo eman zuen alkoholemia kontrol batean, Irunen, autoa gidatzen ari zela, baimendutako legezko gehienekoa hirukoiztuz.

