Donostia Arraun Lagunakek hirukoa osatu du
Espainiako Traineru Txapelketa ere irabazi du Lugañenea ontziak, Kontxako Badian. Donostiarrak hirugarren bukatu du emakumezkoen lehian.
Donostia Arraun Lagunaken trainerua, Kontxako Badian. Arraun denboraldia sasoi puntu paregabearekin hasi du Donostia Arraun Lagunakek. Gipuzkoako eta Euskadiko Traineru Txapelketak irabazi ondoren, atzo Espainiakoa ere eskuratu zuten. Euskal Herrian jokatu zen estatu mailako txapelketa, 32 urte luzeren ondoren.
Hain zuzen ere, Donostian izan titulurako lehiarako sailkaturiko ontzi onenak. Izan ere, larunbatean kanporaketak jokatu zituzten emakumezkoen eta gizonezkoen finaletan ariko ziren lau ontzi onenak erabakitzeko. Horrela, Donostia Arraun Lagunak, Orio, Donostiarra eta Astillero aritu ziren atzo nesketan. Aldiz, Urdaibai, Zierbena, Hondarribia eta San Juan mutilen kategorian.
Kontxako Badian jokaturiko final handian Donostia Arraun Lagunak eta Urdaibai izan ziren onenak. Hau da, pasa den asteburuan, itsas eremu berean gertaturikoa errepikatu zen. Izan ere, aipaturiko bi traineruek astindu zuten Euskadiko bandera. Dena dela, baldintza aldetik desberdina izan zen atzokoa. Itsaso zakarra izan bazuten ere, ez zen pasa den asteburukoa bezain zakarra izan.
Bigarren luze ikaragarri bati esker irabazi zuen Donostia Arraun Lagunakek, hasieratik buruan jarri zen arren. Helmugan, Orio izan zen bigarren 27 segundora, Donostiarra hirugarren 59 segundora eta Astillero laugarren 1:49ra. Lehen hiruek eskuratu zuten domina.
Gizonezkoen estropadan, Donostiarrak ez zuen parte hartu. Horrela ere, lehia polita ikusi ahal izan zen. Urdaibaik eskuratu zuen bandera, Zierbenari 9 segundo aterata. Hondarribia izan zen hirugarren 53 segundora eta San Juan laugarren 1:17ra.

