Añorgako eta Igeldoko energia komunitateak udalak diruz laguntzea eskatu du EH Bilduk
Añorgako Añargi energia komunitatearen eguzki planelak.Añargi EH Bilduk jakinarazi duenez, Donostiako Udal Gobernuak ez ditu diruz laguntzen Añorgako eta Igeldoko Tokiko Energia Komunitateak. Ordea, beste hiru energia komunitatek udalaren laguntza dutela diote. “Hain justu, Petronorren Edinor filialarekin lan egiten duten hiruak dira; Bera Berakoa, Beriokoa eta Garberakoa”, azaldu dute.
Añorgakoa eta Igeldokoa kooperatiba gisa sortu zituzten, eta egun ez dute laguntzarik jasotzen udalaren partetik. “Udal gobernuak datorren urteko partidari begira arazoa konponduko duela esan arren, aurten ere diru laguntzekin ekimen guztiak babesteko eskatuko dugu kontrol mozio bidez, hala iragarri zutelako eta horren baitan aurreikusi dutelako auzotarrek proiektua eta inbertsioa. Horrelako erabakiek aurrekari kezkagarria izateaz gain, ez du ziurtasuna helarazten etorkizunean martxan jarri nahiko luketen auzoetara”, adierazi du EH Bilduk.
Horiek horrela, ostegunean egingo den ekaineko udalbatzarrera eramango dute eskaera.

