Gaurko egunez, duela 30 urte, Negu Gorriak taldeak kontzertu sorpresa eman zuen Donostian, epaitegien aurrean
Intsumisioaren aldeko manifestazioan parte hartu zuten 200 bat gazte bildu ziren epaitegien aurrean. Argazkian, Fermin Muguruza kamioira igota. Negu Gorriak Gaurko egunez, duela 30 urte, 1994ko ekainaren 27an, Fermin Muguruza buru zuen Negu Gorriak taldeak kontzertu sorpresa eman zuen Donostiako San Martin kalean, Gipuzkoako epaitegiaren aurrean. Argia aldizkariak ekarri du gogora efemeridea, bere efemerideen kanalean.
Taldeko baxu jotzaile Mikel Kazalis intsumisoa epaiketara deituta zegoen, beste hainbat kiderekin. Kazalis, aldiz, ez zen epaiketara aurkeztu “epaileek kalean zer gertatzen den jakin dezaten”. Astelehen goiz bat zen, eta hiriko 200 bat gaztek intsumisioaren aldeko elkarretaratzea egin zuten San Martin kaleko epaitegi penalaren parean. Bat-batean, kamioi batek kaleko trafikoa moztu zuen, eta horra igota, Negu Gorriakek intsumisioaren aldeko kontzertu desobedientea eskaini zuten epaitegiaren aurrean. Segundo gutxitan egundoko festa muntatu zen San Martinen.
Bost abesti jo ostean, taldeak alde egin zuen, baina manifestazioak hiriko kaleetan barrena jarraitu zuen, Gobernu Militarraren egoitzara iritsi arte. Han, 200 gazte antimilitaristek eserialdi baketsua egin zuten zerbitzu militarraren aurka, eta minutu batzuen ostean, protesta istilurik gabe amaitu zuten.

