Uliako izpirituak harrapatu du Legacy of the Seas taldea
Donostiako Legacy of the Seas heavy metal taldeak Leyendas de una Eternidad estreinako diskoaren bigarren singlea aurkeztu du. Oraingoan, ingelesez abesturiko Spirit of Ulia piezaren txanda izan da, bideoklip eder batekin plazaratu dutena. Metal sinfoniko eta fantastikoa jorratzen badute ere, abesti berria power ballad bat dela esan genezake.
“Beren espetxe materialetatik ihes egiteko etsita, itsasoen izpiritua eta Ulia mendiko izpiritua mundu fisikoan esnatzen dira. Patuaren lana balitz bezala, bi izpirituak topo egiten dute eta beren elkartzearekin, biek lortzen dute beren kateak haustea eta hegan egitea”, azaldu du boskoteak.
Izan ere, laukote izatetik boskote izatera pasatu da banda, baxu jotzaile baten fitxaketarekin. Horrela, bost musikari hauek osatzen dute egun Legacy of the Seas: Laura (ahotsa), Julen (teklatua), Alex (gitarra eta baxua), Sergio (baxua) eta Juanpe (bateria).
Bergarako ESnSE estudioetan grabatu dute lehendabiziko diskoa, eta urtetako lanaren emaitza da.