Donostiako traineruak hasi dira arraunean
Hiriko hiru ordezkarietatik, Donostia Arraun Lagunak da liga ezin hobeto abiatu duena. Galiziako uretako bi bandera astindu dituzte. Donostiarrako bi ontziek, berriz, maila ona erakutsi dute.

Hasi da arraun denboraldia, eta hasi dira ospakizunak. Txapelketak jokatuta, Euskotren eta Eusko Label ligen txanda iritsi da. Pasa den asteburuan jokatu ziren lehen bi jardunaldiak, Galiziako uretan. Coruñan eta Bueun izan ziren estropadak, eta Donostiako hiru traineruak banderen lehian izan ziren. Baita lortu ere, Donostia Arraun Lagunakek. Asteburu borobila izan zen Lugañenea ontziarentzat, jokaturiko bi banderak astindu zituztelako. Donostiarrako neskak laugarren sailkatu ziren bi jardunaldietan. Aldiz, mutilek hirugarren eta seigarren postuak eskuratu zituzten, hurrenez hurren.
Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Traineru Txapelketak ez ezik, Euskotren ligako lehen bi banderak ere eskuratu ditu Donostia Arraun Lagunakek. Indartsu, sasoiko eta konfiantzarekin daudela erakutsi dute. «Ezin dugu beste ezer eskatu. Hiru txapelketak irabazi ditugu jarraian. Gainera, lehen bi jardunaldietan sekulako estropadak egin ditugu. Ikusi da maila onean gaudela. Are gehiago, talde gisa, koxka bat gorago gaude pasa den denboraldiarekin alderatuta», adierazi du Lorea Etxabek, Donostia Arraun Lagunakeko arraunlariak. Taldeak lortu duen heldutasun maila erabakigarria izaten ari dela aitortu du: «Kalitatezko arrauna egiten ari gara. Talde gisa, blokea mantendu dugu, eta horrek mesede egin digu. Berritasun gutxi batzuk izan ditugu, eta horrek taldea sendotzen eta freskatzen lagundu digu. Egia esan, lehen bi jardunaldiak jokatuta, momentuz, beste traineruen aurretik gaude».
Donostiarrako emakumezkoen taldea, berriz, onenekin aritu da Galiziako lehen bi estropadetan. Hiru traineru izan dituzte aurretik, baina ez daude kezkatuta. «Argi dugu liga hasieran gaudela. Lanean jarraituko dugu, eta gure helburua da jakitea zein den eman dezakegun mailarik onena. Hori jakitean, banderen lehian egongo gara», nabarmendu du Haizea Saez Donostiarrako arraunlariak. «Azken batean, gure helburua banderak irabaztea da. Ikusita lau traineru sendo gabiltzala, badakigu zailagoa izango dela. Horrela ere, helburua zein den argi dugu, eta lortzeko lanean jarraitu behar dugu», gaineratu du.
«Maila onean gaude, eta pasa den sasoiarekin alderatuta, koxka bat gorago gaude talde gisa»
Lorea Etxabe, Donostia Arraun Lagunak
Lau onenak
Aurreneko bi estropadek agerian utzi dute Euskotren ligako lau onenak behin-behinean zeintzuk diren: Donostia Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea eta Donostiarra. Horrek, noski, ez du esan nahi beste lauak —Hibaika, Hondarribia, Cabo eta Tiran— banderen lehian sartuko ez direnik. Ordea, aipaturikoek erakutsi dute sasoi puntu onena denboraldi hasieran. «Egia esan, harrituta nago. Banekien ondo ibiliko ginela, baina ez nuen uste aldea horrenbestekoa izango zenik. Baliteke besteek oraindik erritmoa hartu ez izana. Oriok aldaketa asko izan ditu eta Donostiarrak ez dakigu nolako negua pasatu duen. Hori bai, harritu ez nauena Tolosaldea da. Sekulako taldea eta proiektu ona dute, eta lan polita egiten ari dira».
«Gure helburua banderak irabaztea da, eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu»
Haizea Saez, Donostiarra
Donostiarra prest dago aipaturiko lehiakideei aurre egiteko. «Blokea mantendu dugu, eta esango nuke fisikoki oso indartsu gaudela. Noski, badakigu beste taldeak ere oso indartsu daudela, baina banderen borrokan sartzeko konfiantzarekin gaude», dio Saezek.
Asteburu «gogorra»
Donostiarrako gizonezkoek arraunkera ona erakutsi dute Eusko Label ligako lehen bi jardunaldietan, nahiz eta galera esanguratsu bat izan. Ioritz Orbegozo arraunlariaren anaia da Martutenen autoz harrapatu zutena eta egun gutxira zendu zena. Klubak eta taldekideek bandera bat eskaini nahi izan zioten Galizian, eta gertu samar izan zuten, batez ere, iragan larunbatean. «Arrauna bigarren familia moduan sentitzen dugu, eta Ioritzen galeraren aurrean, hitzak sobran daude. Guretzat, sekulako jipoia izan da, eta asteburua gogorra izan zen. Ez da egoera batere erraza, baina, talde gisa, Ioritzen alboan jarraituko dugu», esan du Mikel Iradi Donostiarrako arraunlariak. «Ioritzen eta Egoitz anaiaren omenez, garaipen bat lortu nahi genuen, baina seguru gaude iritsiko dela», gaineratu du.
«Ioritzen eta Egoitz anaiaren omenez, garaipen bat lortu nahi genuen»
Mikel Iradi, Donostiarra
Kirol mailari dagokionez, Iradik argi dauka Donostiarrak erakutsi nahi duen arraunkera Coruñakoa dela: «Egun on bat eta ez oso on bat izan genituen asteburuan. Coruñan ikusi genuen onenekin aritzeko maila dugula, aurkari indartsuenekin neurtu genituelako indarrak. Urdaibai, Hondarribia, Zierbena eta Orio dira arerio zuzen horiek». Horrela, ohorezko txandan egonkortzea dute helburu. «Badakigu lehia gogorra izango dela, baina lau onenen artean aritzeko moduan gaude. Ohorezko txandan egonkortzea lortzen badugu, bosgarren urtea izango litzateke. Badakigu zer egin behar dugun hori lortzeko, esperientziagatik, eta behin hori lortuta, banderaren bat irabaziko dugula uste dut», nabarmendu du.
Ligak ez du etenik, eta asteburuan jokatuko dira hirugarren eta laugarren jardunaldiak. Bihar, Donostiako bandera izango dute jokoan, Kontxako badian (18:21). Hiriko hiru traineruetako ordezkariek argi adierazi dute etxeko bandera astindu nahi dutela. Etzi, berriz, Zierbenan izango dituzte estropadak.