Belartza Goikoa eremua nekazaritza eta naturagune izatea eskatu du Haritzaldek
Donostiako Udal Gobernuari egotzi diote eremu horretako berdegunea babestu ez izana.
Añorgako Belartza Goikoa eremuari buruzko oharra plazaratu du Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. “Duela zortzi urte, udalak obrako materialen biltegi klandestino bat baimendu zuen Añorgako lursailean”, salatu dute. Zehazki, 2016an izan zen harri betelan ilegala, eta Haritzaldek helegitea aurkeztu zuen betelana egin zuen enpresaren kontra, eta isurketa hori bera baimendu zuen udalaren aurka.
EAEko Auzitegi Nagusiak 2019an ebatzi zuen isurketa hura ilegala izan zela, eta Valeriano Urrutikoetxea (VUSA) enpresa zein lursailen jabea eta Donostiako Udala zigortu zituen. Horrekin batera, lursail naturala lehengoratzeko eskatu zuen auzitegiak. Ordea, ez da horrela gertatu. “Hantxe daude harriak oraindik”, kritikatu du elkarteak.
Hori dela eta, elkarteak alegazioak aurkeztu dizkio udalak onarturiko Belartza Goikoaren plan partzialari. Añorgako eremua donostiarrentzako nekazaritza eta natura gunea izatea eskatu du Haritzaldek. Ordea, udal gobernuak industrialde bat jarri nahi du leku horretan.