Transformadore elektriko berriak hornituko ditu Aste Nagusiko atrakzioak
Udalak amaitu du transformadore elektrikoaren zentro berriaren instalazioa dagoeneko. Pasealeku Berritik Urgull mendira igotzen den aldaparen azpian txertatuta dago, eta Aste Nagusian bertan jarriko dituzten atrakzioak hornituko ditu. Elektrizitatea lurpetik iritsiko zaie, behe tentsioko lineak atrakzioetara eramango dituzten kanalizazio finko berrien bidez. Hori dela eta, bertara joaten direnek jada ez dute ikusiko atrakzioei zerbitzua ematen zien aireko eta oinezkoen kableatua.
Aste honetan instalatuko dute elektrifikazio zentro honetako aireztapen sareta, eta hortik aurrera, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak instalazioa izapidetu eta legeztatzea baino ez da faltako, transformadorea uztailaren 24an elektrifikatu eta erabiltzen has dadin. Instalazio berri honen helburua da abuztuan eta Aste Nagusian urtero jartzen zituzten zutabe elektrikoen behin-behinekotasunarekin amaitzea.
Azpiegiturak 630 kilovatioko bi transformadore ditu. Instalazioa 6,08 metro luze, 2,38 metro sakon eta 3,05 metro garai da, eta 40 zentimetroko tartea du alde bakoitzean. Instalazioaren hormigoi armatuzko hormek 30 zentimetroko lodiera dute. Lanek 295.106 euroko aurrekontua izan dute.