Ulia Auzo Elkarteak EAEko Auzitegi Nagusiaren erantzunaren zain jarraitzen du
Manteoko plan bereziaren kasuan "justizia" eskatzeko, elkarretaratzea egin dute Egiako epaitegiaren aurrean.
Gaur eguerdian, Uliako Auzo Elkarteak protesta bat egin du Egiako epaitegiaren aurrean. 50 bat lagun elkarretaratu dira EAEko Auzitegi Nagusiari eskaera bat gogorarazteko: “Manteoko plan bereziaren harira, Donostiako Udalaren kontra aurkeztu genuen helegitea konpontzeke dago”. Horrekin batera, informazioa banatu dute herritarren eta epaitegiko langile zein bisitarien artean.
Auzo elkarteak “justizia” egiteko eskatu dio auzitegiari. “Udalak lizentzia eman zion Basque Culinary Center fundazioari 9.200 metro koadroko azalera eta 21 metroko altuera dituen egoitza eraikitzeko. Grosen zuhaitzak zituen parke bakarra kendu zuten, hondartzatik 150 metrora dagoena, eta diru publikoarekin. Gure elkarteak eta hainbat donostiarrak milaka alegazio aurkeztu genizkion proiektuari, eta erantzunik gabe geratu gara”, adierazi dute.
Horiek horrela, EAEko Auzitegi Nagusiak elkarteak aurkezturiko helegitea erantzutea “oso garrantzitsua” dela diote. “Estatuko beste erkidego batzuetako auzitegiek erantzuten badute, zergatik ez euskal oasian?”, salatu dute.