Pistola faltsu batekin mehatxu egiteagatik atxilotutako gizona migranteak jazartzen ari zen Alderdi Ederren
Astearte iluntzean, 28 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Alderdi Ederren, arma faltsu batekin herritarrak mehatxatzea leporatuta. IRUTXULOKO HITZA-k jaso dituen irudietan, ordea, argi ikusten da gizonak Alderdi Ederren zegoen talde magrebtar bat hartu zuela jomugan. Haiengana zuzentzen da eta haiei soilik apuntatzen die armarekin.
Hain zuzen, Donostian segurtasunaren aitzakian mezu xenofoboak zabaltzen dituzten sare sozialetako hainbat kontuk eman dute “beste bertsio” honen berri. Honakoa jasotzen dute: “Dirudienez, talde baten mehatxuak jaso zituen pertsona horrek. Eta haiek beldurtzeko itzuli zen, beste asko bezala nazkatuta dagoelako.Talde horrengana zuzendu zen soilik, eta ez zen izan zerbait orokortua eta testuingururik gabea ‘oinezko’ guztien kontra”.
Izan ere, hainbat hedabidek zabaldu zuten atzo albistea, baina inork ez zuen inolako testuingururik eman, soilik “oinezkoak mehatxatu” zituela. Ez Ertzaintzak, eta ezta Donostiako Udalak ere ez dute gaiaren inguruan inongo adierazpenik egin orain arte.
Azken asteetan, segurtasuna aitzaki, ugaritu egin dira migranteen aurkako mezu arrazista eta xenofoboak. Alderdi Popularrak elkarretaratze bat antolatu zuen, Martutenen bizilagun talde batek armekin hiltzeko mehatxua egin zuen, eta ugari izan dira irain eta erasoak, bai sare sozialetan eta baita bertatik bertara ere.