Poliziaren presentzia areagotuko dute Aste Nagusian
Donostiako Udalak eta Ertzaintzak, elkarlanean, Aste Nagusirako segurtasun dispositibo berezia adostu dute, batez ere, oso jendetsuak diren ekitaldietan.
Gaur bildu da Segurtasuna Koordinatzeko Batzordea udaletxean, Aste Nagusian poliziaren jarduna koordinatzeko, “jaiak modu seguruan gozatzeko” helburuarekin. Aurkeztutako neurri nagusiak kaleetan Poliziaren presentzia areagotzea eta sexu erasoak ekiditeko bide seguruak sortzea izango dira.
Bileran egon dira segurtasun sailburu Bingen Zupiriak, Donostiako alkate Eneko Goiak, Herritarren segurtasunerako zinegotzi Martin Ibabek, Ertzaintzako buru Josu Bujandak eta Udaltzaingo zuzendari Jon Udakiolak. Ibabek eta Bujandak egin dute agerraldia elkarrekin, eta, nabarmendu dute Aste Nagusian ekitaldi oso jendetsuak izaten direnez, “gaizkileek aprobetxatu egiten dutela”, lapurreta txikiak areagotuz. Era berean, ohartarazi dute alkoholaren eta drogaren eraginez, bestelako delitu eta jarrera erasokorrak handitu egiten direla.
Delituak ekiditeko asmoz, Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarrekin ariko dira lanean aste osoan zehar, Poliziaren presentzia handituz, bai “kalez jantzitakoez”, baita uniformatutakoez ere. Herritarrek presentzia igoera nabarmenduko dute Parte Zaharrean, Erdialdean eta Grosen, batez ere.
Bestetik, bereziki emakumeen kontrako indarkeria eta sexu erasoak saihesteko asmoz, “bide seguruak” sortuko dituzte, gauez etxera itzuli ahal izateko. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hainbat zona banatuko dituzte haien artean.